Zinebik 3.770 film labur jaso ditu 60. edizioan

uriola.eus 2018ko abu. 29a, 10:29

Zinebi 59. edizioko sarituak (2017). Artxibo irudia

Azaroaren 9tik 16ra bitartean ospatuko du Zinebik 60. urtemuga. Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak 3.700 film labur jaso ditu aurten, iaz baino 587 gehiago.

Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia da. Espainiar Estatuan film laburren eta dokumentalen kategorian A Klasea duen nazioarteko jaialdi bakarra da, 1974tik FIAPF erakundeak (Film Ekoizleen Elkarteen Nazioarteko Federazioa) aintzatetsia. Hollywoodeko Akademiak Oscar Sarien kalifikatzaile gisa hartzen du, sariketa ofizialeko film laburren artean, eta BAFTA Sarietarako eta Goya Sarietarako jaialdi kalifikatzaile ere bada.

60. edizioa ospatuko du aurten Zinebik, azaroaren 9tik 16ra bitartean. Data borobila izaki eta jaialdiak duen itzalari esker, 3.770 film labur jaso ditu aurten Zinebik, iaz baino 587 gehiago. Horien artean aukeratuko dira Sekzio Ofizialean Mikeldi Saria lortzeko xedez lehiatuko direnak.

Lanak 124 herrialde desberdinetatik jaso dira, kontinente guztietako ordezkaritza bermatuz. Euskal Herriko 91 lan aurkeztu dira Zinebiren 60. edizioan lehiatzeko. Amerikako lanez gain, nabarmentzekoa da Europa ekialdetik eta Asiatik bidalitako lanen aniztasuna.

Nazioarteko jaialdiak hiru kategoriako lanak onartzen ditu: fikzioa, dokumentala eta animazioa. Aurkeztutako lan gehienak fikziozkoak izan dira (2.482), jarraian dokumentalak (797) eta animaziozkoak (491).

Guztiak Bilboko Jaialdiko Sari Nagusia (7.000 €) eta Mikeldi Saria lortzeko lehiatuko dira (5.000 € kategoria bakoitzeko). Sari horiez gain, Euskal Zinearen Sari Nagusia (6.000 €), Zine Espainiarraren Sari Nagusia (6.000 €), SGAE Fundazioa-Euskadiko Kontseilua Saria Euskal Gidoi Onenari (3.000 €) eta EITBk babestutako Ikus-Entzuleen Saria (3.000 €) lortu ahal izango dira, beste batzuen artean.

Info+: zinebi.eus