'Bilbao open 2018' Rubik kuboaren nazioarteko lehenengo txapelketa

uriola.eus 2018ko abu. 29a, 14:17

Asteburuan Rubik kuboaren nazioarteko lehenengo txapelketa ospatuko da Bilbon. Bertan, Euskal Herria, Andaluzia, Madril, Katalunia, Frantzia, Maroko eta Errusiatik etorritako 75 gaztek hartuko dute parte.

Irailaren 1ean eta 2an data garrantzitsua dute Rubik kuboen zaleek Bilbon. Izan ere, Bilborocken ospatuko da Bilbao Open 2018 lehiaketa, Rubik kuboaren nazioarteko lehenengo txapelketa.

Euskadi, Andaluzia, Madril, Katalunia, Frantzia, Maroko eta Errusiatik etorritako 75 gaztek hartuko dute parte asteburu osoko norgehiagokan. Hainbat kategoriatan lehiatu beharko dira: 3x3x3, 2x2x2, 4x4x4, 5x5x5, 6x6x6, 7x7x7, Pyraminx, Megaminx, Skewb, Square-1, 3x3x3 esku batekin, itsu-itsuan edo zenbait kubo itsu-itsuan.

Parte-hartzaile bakoitzak 5 Rubik kubo osatu beharkoko ditu txanda bakoitzean. Txapelketan lortutako emaitzak WCA (World Cube Association) elkartearen datu-basean sartuko dira eta parte-hartzaileak mundu mailako rankingean sailkatuko dira.

Irailaren 1ean (larunbata) goizeko bederatzietan emango diote hasiera lehiaketari Bilborock aretoan. Finala irailaren 2an (igandea) izango da 12:30etan.

Euskal Rubik Elkarteak antolatu du ekimena, Udalaren Ideiak Martxan programatik ateratako proposamenari esker. Gazteek antolatutakoa eta gazteentzako izaki, parte-hartzaileen batez besteko adina 16 urtekoa da.