"Chichinabo Cabaret" ikuskizuna Euskaldunara iritsi da

uriola.eus 2018ko abu. 29a, 19:08

Pabellón 6 antzerki-laborategitik Euskalduna Jauregira egin du salto "Chichinabo Cabaret" ikuskizunak. Abuztuaren 30etik irailaren 6ra bitartean izango da ikusgai eta Uriolak bi sarrera zozketatzen ditu.

Dezepzioa, desilusioa, desengainua, ezustea, frustrazioa: horrelakoak dakartza gogora “Chichinabo Cabaret” obrak. Hainbat gai aztertzen ditu kabaretak: utopiaren faltsutzea, ordezko errealitateak dakarren asetasun eza eta bete gabeko promesen sedimentu mikatza. Gainera, sarkasmo eta umore finez landua.
 
Pabellón 6 antzerki-laborategiak Euskalduna Jauregira eramango du kabaret “mental, irrizko eta japoniarra”. Ironia samurra baliatuta, gaur egungo gazteek lan-munduan sartzeko dituzten arazoak islatzen ditu antzezlanak. Horretarako, langabezian dagoen gazte baten burmuinean sartuko dira pertsonaiak, hark bere oroitzapenak eta etorkizuneko asmoak errepasatu ahala, autoestimu arrasto baten bila.
 
Burmuinaren barrenera egindako bidaia bat da, krisi-garaietan autoestimua berreskuratu nahian, aktore hauen guztien eskutik: Ugaitz Alegria, Irene Bau, Jon Casamayor/Koldo Olabarri, Izaskun Fernández, Quique Gago, Olatz Ganboa, Karmele Larrinaga, Iñaki Maruri, Itxaso Quintana eta Mitxel Santamarina.
 
Uriolak, kabareta ikusteko bi sarrera zozketatuko ditu.