Emakumea larunbatean (abuztuak 25) aurkitu zuten etxean zauriturik, haren senarrak larrialdi zerbitzuetara deituta. Emakumea "dutxan erori" zela eta buruan hartutako kolpearengatik "konortea galdu" zuela adierazi zuen. Osasun langile eta foruzainek, aldiz, zauriak antzeman zizikioten emakumeari eta gizonari.
Bestalde, gizonaren amak etxe osoa garbitu zuela eta "ikerketa oztopatzen" saiatu zela azaldu dute poliziek.
Erailketa matxistaren zantzuak ikusita, larunbatean bertan atxilotu zuten 41 urteko gizona. Astelehenean Agoizko Emakumeen Aurkako Indarkeriaren 2. zenbakiko Epaitegira eraman zuten eta instrukzio epaileak gizona bermerik gabe kartzelaratzea ebatzi zuen, giza hilketa delitua leporatuta.
Emakumea ospitalean hil zen astelehen arratsaldean, zauriengatik. Aurten indarkeria matxistaren ondorioz hildako bosgarren emakumea da.
Mobilizazioak
Emakumeon Mundu Martxak mobilizazioak deitu ditu gaurko Bilbo, Donostia eta Gasteizen. Arriaga plazan elkartuko dira "Eraso sexistarik ez! Autodefentsa feminista!" lelopean 20:00etan.
Beste emakume bat eraila Euskal Herrian, oraingoan Huarten! Dagoeneko 5 emakume erail ditu aurten indarkeria sexistak! ADI MOBILIZAZIOEI! #IndarkeriaMatxistarikEz @ehbfeminista @argia @berria @naiz_info @eitbAlbisteak @pikaramagazine pic.twitter.com/SEWBjb9F77
— EH Emakumeen Martxa (@emakumemartxa) 2018(e)ko abuztuaren 29(a)