"Espres itzulketarik ez"

uriola.eus 2018ko ira. 3a, 17:35
Ongi Etorri Errefuxiatuak Tarajalen, 2014ko hilketak salatzeko. Artxibo irudia (2018-02-02)

Irailaren 5ean, asteazkena, Moyua plazan elkarretaratzea egingo dute joan den osteguneko espres itzulketak salatzeko.

Abuztuaren 22an, asteazkena, 116 migratzailek lortu zuten Ceutako hesia gainditzea. Espainiako Gobernuak hurrengo egunean itzularzi zituen Marokora, bertako gobernuarekin 1992an sinatutako akordio bat baliatuz.

Neurria salatzeko eta Espainiar Gobernuaren migrazio politika arbuiatzeko manifestua sinatu dute Espainiar Estatuko hainbat elkartek, eta kontzentrazioak deitu dituzte asteazken honetarako.

Deialdiarekin bat eginez, elkarretaratzea egingo dute Bilbon irailaren 5ean. Ongi Etorri Errefuxiatuak, SOS Arrazakeriak eta Afrikar komunitateko hainbat kidek antolatuta, 19:00etan elkartuko dira Moyua Plazan, "Espres itzulketarik ez" lemapean.

Manifestua sinatu dute aipatutako hiru taldeek, bai eta Mugak Zabalduz Karabanak ere. Elkarretaratzeak, besteak beste, Ceutan, Sevillan, Valentzian, Granadan, Bartzelolan, Zaragozan, Madrilen, Santanderren, Ciudad Realen eta Jerezen egingo dituzte.