Rock jaialdia ‘Open Arms’ itsasontzia laguntzeko

uriola.eus 2018ko ira. 4a, 12:58

Hamar rock talde arituko dira Bilbon, Mediterraenoan errefuxiatuak erreskatatzen dituen Proactiva Open Arms gobernuz kanpoko erakundea laguntzeko jaialdian.

Irailaren 14an hamar rock talde igoko dira Bilboko Shake aretoko oholtzara, Proactiva Open Arms gobernuz kanpoko erakundea laguntzeko. Tartean, The Bribones Blues Band, Superalfa, Was, The Renegados, Lorelei Green, Discofagia Band, Smile eta Dada arituko dira. Kontzertuen ostean DJ Mr Chase eta DJ Santo disko-jartzaileen txanda izango da.

Proactiva Open Arms Mediterraneoan errefuxiatuak erreskatatzeaz arduratzen den irabazi asmorik gabeko erakundea da. 2015ean sorospen eta salbamentu-talde batek bultzatuta, pobrezia edo gatazka egoeretatik ihesi Europara datozen errefuxiatuei laguntza eskaintzen die. Hiru urte hauetan 59.395 pertsona salbatu ditu erakundeak.

Jaialdia Bilboko Shake aretoan izango da eta irabazi guztiak gobernuz kanpoko erakundeari emango dizkiote. Sarrerak 10 eurotan eros daitezke aurretiaz, edo 12 eurotan lehiatilan.