Bilboko Udala youtuber bila dabil

uriola.eus 2018ko ira. 6a, 16:46

Karla Martinez, iazko edizioko irabazleetako bat.

Gazteentzako aisirako planen berri eman dezaten, Udalak youtuberrak aukeratzeko lehiaketa abiatu du. Bilbon erroldatutako 18-25 urteko gazte elebidunek har dezakete parte irailak 23 bitartean.

Bilboko Udalak bigarrenez jarri du martxan youtuberrak aukeratzeko lehiaketa. Helburua, Bilbok gazteentzako dituen aisirako aukerak ezagutzera ematea da, hauentzako erakargarri den formatuan.

Lehiaketa Bilbon erroldatutako 18-25 urteko gazte elebidunentzat da. Parte hartu nahi dutenek bideo bat egin beharko dute, gehienez bost minutukoa. Bertan, euren izen-abizenak, zer ikasten duten edo zertan egiten duten lan, zaletasunak, aisialdiko jarduerak eta asteburuko plana azaldu beharko dituzte, euskaraz eta gaztelaniaz.

Lanak bidaltzeko epea irailaren 4an zabaldu zen, eta hilaren 23ra arte dago zabalik. Bideoa eta izena emateko fitxa (bilbaogazte.bilbao.eus) we transfer aplikazioaren bidez bidali behar dituzte gazteria@bilbao.eus helbidera.

Aukeratutakoek urritik apirilera bitartean hilean bi bideo grabatzeko konpromisoa hartuko dute, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz, gazteen aisirako planik onenak azalduz.

 

Aurreko edizioan Gorka Ruiz eta Karla Martinez izan ziren Bilbon gazteentzat dagoen aisialdi eskaintza zabaldu zuten youtuberrak.