Arantxa Echevarria bilbotarraren ‘Carmen y Lola’ zinema aretoetara heldu da

uriola.eus 2018ko ira. 7a, 14:06
Rosy Rodríguez, Zaira Morales eta Borja Moreno aktoreak Arantxa Echevarria zuzendariarekin Cannesen.

Filmak hautsak harrotu ditu Dibertsitatearen aldeko Emakumezko Ijito Feministen Elkarteak gaitzetsi duelako. Gaurtik aurrera hainbat zinema aretotan egongo da ikusgai.

Bi emakume ijitoren lehen maitasun istorioa kontatzen du filmak, eta gaiak zalaparta eragin du Dibertsitatearen aldeko Emakumezko Ijito Feministen Elkartean. Besteak beste, pelikulak ijitoen inguruko estereotipoak bultzatzen dituela eta “ikuspuntu feminista payo batetik” egin izana egotzi diote zuzendariari.

Echevarriaren lehen film luzea da, aurrekontu txikiarekin eta aktore ez profesionalekin eginda, eta hala ere, Cannesko Zuzendarien Hamabostaldian aukeratu zuten. Cannesen estreinatu eta Europako Zinema Sarietarako aukeratu eta gero, publikoak gaurtik aurrera ikusi ahalko du zinema aretoetan.

Iruñeako Zinemaren eta Emakumeen Erakusketa Internazionalak pelikula programaziotik kendu behar izan zuen ekainean, zuzendariak jasandako mehatxu eta jazarpenaren ondorioz.