Bilbo Hiria Pop-Rock lehiaketaren 30. edizioa hasi da

uriola.eus 2018ko ira. 14a, 09:44

Bilbo Hiria Pop-rock lehiaketa Europako musikaren panoraman aitzindari bihurtu da 30 edizioren ondoren. Lehiaketa honetan, 18 eta 35 urte bitarteko gazteek osatutako taldeek har dezakete parte. Lehiaketaren helburua haien lanak bultzatzea eta zabaltzea da, agertokia Estatuko zein nazioarteko beste talde batzuekin partekatzeko aukera emateaz gainera.

Epaimahaia musika-arloko espezialistek osatu dute, eta haren ardura izango da sailkapen-fase honetan zuzenean joko duten 32 taldeak hautatzea. Edizio honetan 527 taldek eman dute izena (368 talde pop-rock modalitatekoak; 113, metalekoak; eta 46, elektronika eta beste joera batzuetakoak), eta haien artetik aukeratu dira taldeak.

Sailkapen-kontzertuen bidez, kategoria bakoitzetik finalean arituko diren hiru taldeak hautatuko dira. Finaletako kontzertuak Bilborock-en izango dira: urriaren 18an pop-rock modalitateko finala jokatuko da, urriaren 19an metal arlokoa eta 30an urban joerako finala egingo da.

KONTZERTUEN EGUTEGIA

Sailkapen-kontzertuak eta finalak egun hauetan egingo dira, parte-hartzaile bakoitzaren musika-estiloaren arabera banaturik:

Pop-Rocka 
Sailkapenekoak: irailaren 13an, 20an eta 27an eta urriaren 4an.
Finalak: urriaren 18an

Metala 
Sailkapenekoak: irailaren 14an eta 21ean.  
Finalak: urriaren 19an

Urban
Sailkapenekoak: irailaren 28an eta urriaren 5ean. 
Finalak: urriaren 20an

Modalitate bakoitzean hiru sari banatuko dira: 4.000 euro modalitateko bakoitzeko irabazlearentzat; bigarrenentzat 2.000 euro eta hirugarrenen geratzen direnentzat 1.300 euro. Era beran, epaimahaiaren sari berezia ere emango zaio Bizkaiko talde edo bakarlari onenari, 1.000 euroko balioa duena, bertoko taldeen lana sustatu eta balioa eman nahian.

Eskudirutan emango diren sari horiez gainera, beste batzuk ere izango dira, babesleek emanak (materiala, zabalkundea, zuzeneko emanaldiak…). Kontzertuetara doazenek ere izango dute sari batzuk eskuratzeko aukera —esaterako, jaialdietarako abonuak—, finalistak hautatzeko bozketetan parte hartuz gero.

WEBGUNEA ETA STREAMING BIDEZKO FINALAK

Kontzertuak streaming bidez jarraitu ahal izango dira Udalaren webgunean, bilbaogazte.bilbao.eus atalean. Sareko espazio horretan, lehiaketari buruzko informazio guztia kontsultatu ahal izango da: kontzertu-egunak, taldeei buruzko informazioa, emanaldien bideoak, etab. Gainera, aukeratutako taldeek aurkeztutako abestiak entzungai egongo dira.