Azkue Fundazioaren doako ikastaro teknologikoak

uriola.eus 2018ko ira. 17a, 09:43

Azkue Fundazioak Talaios Kooperatibarekin elkarlanean, teknologiarekin lotutako ikastaroak antolatu ditu Sartu gurekin teknologiaren ur handitan lelopean.

Proiektu hau jendea formatzeko asmoarekin jarri dute martxan. Sarritan teknologiaren mundua informatikariekin bakarrik erlazionatzen da, baina mundu guztiarentzat da erabilgarria; ikasle zein irakasle, zientzialari, soziologo… edozeinentzat aproposak dira doako ikastaro hauek; oinarrizko gauzak era teoriko-praktikoan landuko ditugu ikuspuntu kritiko batetik.

Sormena, inspirazioa eta berrikuntza eskainiko dizkiete ikastaro hauek bertaratutakoei, mundu digitala ulertzearekin batera. Hilabetean behin ikastaro bat egongo da. 12 ordu izango ditu bakoitzak, ostiraletako goiz eta arratsalde, eta larunbat goizetan banatuta.

Lehenengo ikastaroa irailaren 28an hasiko da. Bertan, Burujabetza Teknologikoa izango dute xede. Zer dago gure ordenagailuen barruan? Zer da sistema eragile bat? Zer da software librea? Pribatutasuna nola kudeatu nire sakelako telefonoan? Zein da wifi sareen segurtasuna? Zer da hodeia? horrelako galderak egin eta denon artean erantzungo ditugu, praktika ere tarteko.

Gaiak:

  • Nire ordenagailua
  • Nire sakelakoa
  • Gure bizitza

Datak eta ordutegia:

  •  Irailak 28, ostirala [goizeko 10:00-14:00 eta arratsaldeko 15:30-19:30] eta 29, larunbata [goizeko 10:00-14:00].

Lekua:

  • Euskararen Etxea