'Gure oroitzapenak’, Sarrionandiaren obran oinarritutako film kolektiboa

uriola.eus 2018ko ira. 19a, 15:00

Adabaki Ekoizpenak bultzatutako film kolektiboa aurtengo Zinemaldian ikusi ahal izango da, Zinemira atalean hain zuzen ere. Horrez gain, urriaren 10etik aurrera Euskal Herriko zinemetan egongo da ikusgai.

Adabaki ekoiztetxeko lagunekin egon gara gaur goizean. Urduri xamar azaldu dira elakrrizketan, izan ere, datorren astean jendeak pelikula ikusteko lehenengo aukera izango du, non eta Donostia Zinemaldian. Estreinaldia hilaren 27an izango da, Printzipe 9 zine-aretoetan, 20:15etan. Horrez gain, beste hiru egunetan beste horrenbeste saio egongo dira.

Gure oroitzapenak, Joseba Sarrionandiaren obran oinarritutako film kolektiboa da. Ekoizleen esanetan, "Sarrionandia luzaro irudirik gabeko poeta izan da. Izoztuta balego bezala, hogeita hamar urtez zuri beltzeko argazki bat izan da euskaldunontzat. Argazki bat eta bakarra. Irudirik eza. Ausentzia".

Horregatik, filmaren helburua "Sarri iruditan agertzea" da. Baina ez dute 2016an hainbat hedabidetan agertutako irudia erabili nahi izan, baizik eta bere obra: "Poeta ez da ezer, bere obra ez bada", diote. "Sarri iruditan jartzeko gure modua, bere poemak edo ipuinak zinemara ekartzea izango da."

Hamabi zinemagilek pieza bana egin dute, erabat aske, "Sarrionandiaren unibertso poliedrikoa" begirada desberdinetatik osatzeko asmoz. Hala ere, filmak koherentzia orokorra duela aurreratu digu Mikel Arrendondok, dena "koordinatzeko zailtasunak" izan badituzte ere.

Filma "Euskal Herri osoan batera" estreinatzen ahalegindu dira Adabaki ekoiztetxeko kideak. Egun berean egitea ezinezkoa izan bada ere, urriaren 10ean Ipar Euskal Herriko zinema aretoetan ikusgarri egongo da, eta urriaren 19tik aurrera Hegoaldean.