Bizkaiko Ondareari buruzko Europako Jardunaldien 18. edizioak emakumeek historian zehar jokatu duten papera du ardatz

uriola.eus 2018ko ira. 21a, 10:18

Urrian zehar eta 300 jarduera baino gehiagori esker, hiritarrek Bizkaiko Kultur Ondarea beste ikuspegi batetik ezagutzeko aukera izango dute. Bizkaiko Foru Aldundiak 65 udal eta Bizkaiko lurraldeko ehun entitate, kultur elkarte eta museo baino gehiago koordinatu ditu aurtengo Ondareari buruzko Europako Jardunaldiak burutu ahal izateko.

Bizkaiak Ondareari buruzko Europako Jardunaldien hamazortzigarren edizioa ospatuko du aurten. Bizkaiko Foru Aldundiak koordinatzen duen ondarearen zabalkunderako programa hau, 200dik gorako kultur erakunde eta toki-erakunderen eta hainbat eta hainbat kultur elkarteren partaidetzarekin. Urrian zehar, hiritarrek gertutik ezagutu ahal izango dituzte Bizkaiko 70 udalerritan garatuko diren doako 300 ekitaldi inguru.

"Ondarea, emakumeen emaria" da aurtengo edizioaren lelo nagusia, emakumeek Bizkaiko ondarearen sorkuntzan eta transmisioan izan duten garrantzia nabarmentzen duena. Emakumeek Bizkaiaren historiaren eta Bizkaiko kulturaren eraikuntzan egin duten ekarpena ikustarazi eta nabarmentzea da edizio berri honen helburu nagusia. Horrela, kontakizun historikoaren irakurketa inklusibo eta aberasgarri bat egin nahi da.

300 ekitaldi inguru izango dira Bizkaiko lurralde osoan zehar garatuko direnak: egitarauak ehun bat bisita gidatu, 70 hitzaldi eta solasaldi, 21 erakusketa eta erakusketa txiki, 3 antzezpen eta antzerki-lan bat, 3 kontzertu eta hainbat agerpen jasotzen ditu, baita dastaketaren bat ere, urri osoan zehar eta doan.

Ondareari buruzko Europako Jardunaldiak erreferentzia bilakatu dira Europa mailan, edizio bakoitzean aurkezten diren jardueren aniztasunagatik eta egitarau hau garatzeko bultzatutako erakundeen arteko lankidetza-ereduagatik. Ondareari buruzko Europako Jardunaldien egitarau osoan hemen kontsulta daiteke: www.bizkaikoa.bizkaia.eus/jep