Munduko Landareen VI. azoka urriaren 6an eta 7an

uriola.eus 2018ko ira. 24a, 08:45

Azoka Bizkaiko Foru Aldundiak eta UPV/EHUk antolatzen dute, Leioako eta Erandioko udalekin eta BBK-ko Gizarte Ekintzarekin lankidetzan. 

Bizkaiko Foru Aldundiak, Basalan sozietate publikoaren bitartez, eta UPV/EHUk Munduko Landareen laugarren edizioa antolatu dute. Azoka horretan, EAEko, Estatuko eta Frantziako 34 ekoizlek mundu guztiko landareen aukeraketa bat erakutsiko dute, urriaren 6an eta 7an. Azokan Leioako eta Erandioko udalak eta BBK-ko Gizarte Ekintza ere aritu dira laguntzaile; UPV/EHUk Leioa-Erandio eremuan duen Arboretum eremuan egingo da. Espazio hori landare-ekoizleen topagune bihurtuko da berriro ere; mundu guztiko espezieak ekarriko dituzte, merkataritza-harremanak sendotzeko eta barietate horiek landatzen dituztenen artean teknikak trukatzeko helburuarekin.

Landare usaintsuak eta sendabelarrak, miniaturan egindako paisaiak eta egokitutako landareak (bonsaiak, landare zukutsuak...), kaktusak, teila gainean landatutako iratzeak, orkidea tropikalak, Hegoafrikako landare erraboildunak, landare haragijaleak; horiek dira, besteak beste, azokan ikusi eta erosi ahal izango diren espezieetako batzuk (gehienak, ezezagunak dira gure ingurunean, baina landatzeko errazak). Iaz bezala, aurten ere basoko hazien eta Martintxuneko foru mintegiko landareen erakusketa bat egingo da. Mintegiko landareak interes bereziko eremuak lehengoratzeko erabiltzen dira.

Bertaratzen direnek autobus-zerbitzua izango dute Leioako eta Astrabuduako metro-geltokietatik10:00ak eta 18:00ak bitartean, hau da, azokako ordutegian. Gainera, antolatzaileek ibilgailu bat eskainiko die mugikortasun murriztua duten pertsonei.

Sarrerak euro bat balio du, baina 12 urtetik beherako neska-mutilak doan sartu ahal izango dira. Azokara doazenek, gainera, Arboretumeko bidezidor-sareaz gozatzeko aukera izango dute. Lursail horrek 19 hektarea eta 1,700 zuhaitz ditu, bost kontinenteetatik ekarritako 130 espezietakoak. Arboretum Bizkaiko espazio naturalik garrantzitsuenetakoa da.