Bizkaiko Foru Aldundiak herritarrengana hurbildu nahi ditu pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko proposamen teknologiko aitzindariak. Ondore horretarako irailaren 25etik 28ra foru erakundeak bi erakusketa-esparru berritzaile instalatu ditu; horietariko baten birgaikuntza-terapietan erabiltzen den exoeskeleto bat erakutsiko da eta, bestean, terapia tradizionala areagotzen laguntzeko birgaikuntza birtualeko plataforma bat.
Irtenbide teknologiko aitzindarien kaleko erakusketa hau Bizkaia Silver Week-ren inguruan programatu diren jardueren barruan kokatzen da. Bizkaia Silver Week astean Lurraldean nazioarte mailako ikertzaile eta adituak biltzen ari dira, eta baita eskuorde politikoak eta bestelako agente sozial eta ekonomikoak ere, europarrak eta tokikoak, aldaketa demografikoari, zahartze aktiboari eta osasungarriari eta zilarrezko ekonomiari buruz eztabaidatzeko eta iritziak alderatzeko.
Pertsonen bizi-kalitatearen hobekuntzan emaitza erabat asegarriak izan dituzten irtenbide teknologiko aitzindariak erakusteko hautatu diren esparruak Foru Jauregiaren kanpoaldea eta Ercilla kalea dira. Pieza teknologiko hauek poliester gardenezko 5 metroko diametroko kupula esferiko puzgarri batzuen barruan erakutsiko dira. Teknologia berri hauetara hurbiltzeko eta adineko pertsonen oraina eta etorkizuneko bizi-kalitatea hobetzeko aplikazio berritzaile hauek ezagutzera emateko erabiltzen den erakusleihoa bera ere berritzailea da.
Kupulek aukera ematen dute barrura talde txikietan sartzeko, goizeko 11:00etatik eguerdiko 14:00ak arteko eta arratsaldeko 17:00etatik iluntzeko 20:00ak arteko ordutegian, irailaren 25etik 28ra arte. Halaber, kupulen kanpoan informazioa emango da eta egunean zehar produktu teknologiko hauen erabileren erakusketak egingo dira.