Banden Lehiaren X. edizioa aurkeztu dute

uriola.eus 2018ko ira. 26a, 13:37

Euskal musika sustatzea xede duen lehiaketa honek musika talde euskaldun amateurrik onena aukeratzen du eta aurten, bere X. edizioa ospatuko du. Hori dela eta, inoiz baino sari gehiago banatuko ditu irabazleen artean.

Banden Lehiaren X. edizio honetan lehiaketaren dinamika aurreko urtetakoa izango da: musika taldeek irailaren 26tik urriaren 26a bitartean, internet bidez, izena emango dute. Horretarako, euren kantak Banden Lehiako web gunean argitaratu behar dituzte. Publikoak Twitter sare soziala erabiliz botoa emango du eta honen iritzia eta lehiaketarako sortu den epaimahai profesional batek ere taldeen musika entzungo du. Bien artean lau banda finalisten izenak erabakiko dituzte.

Lehiaketaren finala zuzeneko emanaldietan erabakiko da eta berriro ere publikoaren eta epaimahaiaren iritzien araberakoa izango da. Finala honetan lau talde finalistek zuzeneko kontzertua eskainiko dute: benetako artistak bilakatuko dira gau horretan eta epaimahaia bertan egongo da bakoitzaren emanaldia jarraitzen.

Aurtengo edizioko epaimahai profesionala Ritxi Aizpuru (Baga Biga diskoetxeko arduradunak), Zuriñe Hidalgo (Hesian taldeko kideak), Zuriñe Maguregi (MU-ko Ikus-entzunezko Komunikazio fakultateko langileak), Ibane Orozco (Last Tour enpresako kideak) eta Amets Rodriguez (Mundaka Festivaleko zuzendariak) osatzen dute. Banden Lehiako hamargarren edizio honetako finala azaroaren 17an ospatuko da Bilborocken.

Sariei dagokionez, talde irabazleak 2019ko bi jaialditan joko du: Bilbao BBKLiven eta Bartzelonan ospatuko den Euskal Herria Sona jaialdian. Eta gainera, talde irabazleak disko bat ekoiztuko du ere Baga Biga diskoetxearekin.

Orain arte hori izan da lehiaketaren saria. Aurten, berriz, X. edizio hau ospatzeko bigarren sailkatuak bere errepertorioko kanta baten bideoklipa grabatuko du. Hirugarrenak datorren urteko Mundaka Festivalen hartuko du parte. Eta, azken sailkatuak, 500€ baliodun txekea jasoko du musika materialean gastatzeko. Bestalde, finalerako sailkatuko diren lau taldeek edizio honetako disko bilduma oroigarria jasoko dute, lau banden kantekin.