Aneguria: "10 kontzertu eman nahi ditut itsasontzi batean, 10 portu desberdinetan"

uriola.eus 2018ko ira. 27a, 09:39

Bilboko abeslariak bere lan berria Euskararen Etxean aurkeztu du. "Percebe dana edo ezebez" diskoak sei abesti berri ditu eta beste bi remix. Euskaraz eta gaztelaniaz abesten du eta "autoan eramateko" diskoa dela aitortu du abeslariak."

Ane San Miguel Crespok, Aneguria, Azkue Fundazioak antolatzen duen Banden Lehia irabazi zuen pasa den urtean. Hori dela eta, Baga Biga diskoetxearekin disko berri bat egin du. Horrez gain, BBK Live jaialdian eta Bartzelonan jotzeko aukera izan zuen eta, datorren hilabetean, Durangon abesten egongo da MTV Music Week ekimenaren barruan.

Beraz, denbora txikian bere bizitzak buelta handia eman du. Orain, helmuga edo proiektu berriak egin nahi ditu "Nire ametsa beti izan da itsasontzi bat hartzea eta portuz-portu kontzertuak ematea. Datorren urtean hori egitea gustatuko litzaidake, 10 kontzertu ematea, bat Bakion, bestea Bermeon, hurrengoa Lekeition eta horrela".

Diskoa "autoan eramateko aproposa da, abestiak bata bestearekiko oso desberdinak dira eta osorik entzun behar da, dena jarraian, horretarako eginda dago". Abesteko aukeraz gain, dantzatzeko aukera dagoela ere azaldu du. Bukatzeko, Jendeak diskoa disfrutatuko duela adierazi du Aneguriak.