Urriaren 17tik 28ra ospatuko da Bilboko Antzerki eta Dantza garaikide jaialdia

uriola.eus 2018ko ira. 28a, 11:09

Bilboko Udalak antolatzen duen eta urriaren 17tik 28ra hiriko sei agertokitan ospatuko den BADek – Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdiak, familia osoari zuzendutako programazioa eskainiko du edizio honetan.

Hiriko ikasleen artean arte eszenikoen aurreko gustua eta zaletasuna bultzatzeko 1995etik Udaleko Kultura Sailak antolatzen duen Eskolako Antzerki Lehiaketaren azken edizioan saritutako bi antzezlan eskainiko dira.

Pabellón 6 aretoan ikusi ahal izango diren bi piezak hauek dira: “Errefuxiatuak” –euskaraz– Epalzaren Alarguna Eskolako ikasleek antzeztua, Getari Etxegarairen zuzendaritzapean, antzezlanaren alderdi teknikoen ebazpen onenaren saria jaso zuena eta Enriqueta Vegak zuzendu eta proposamen eszeniko onenaren saria jaso zuen “Esto no es.. El señor que confundió a su mujer con un sombrero”, Txurdinaga Behekoa institutuko ikasleen eskutik. Ikus-entzuleek saio bikoitz horrekin gozatu ahal izango dute igandean, urriaren 21ean, 13.00etatik aurrera, Pabellón 6 aretoan.

BADek hurrengo ediziorako prestatu duen programazio zabalaren barruan, arte eszenikoen arloko lankidetzarako programa europarrak, Pyrenartek, bultzatutako hiru proiektu ere azpimarratu behar dira. Izan ere, iazko urtearen amaieran Bilboko Udalak bat egin zuen, bazkide gisa, Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdiaren – BADen, bitartez, 2020. urtera arte profesionalak prestatzeko eta ikuskizunak sortzeko, erakusteko eta nazioartera zabaltzeko bi milioi eurotik gorako aurrekontua duen mugaz gaindiko ekimen horrekin.

Pyrenarten helburua ez da sektorearen potentzial ekonomikoa indartzera mugatzen, artisten mugikortasuna erraztea, haien gaikuntza profesionala hobetzea eta elkarrizketa artistikoari, nazioartekotzeari eta enpleguaren sorkuntzari lagunduko dieten sare profesionalak sortzea ere bilatzen du. Horrela, BADen hurrengo edizioak, bazkideen artean Pyrenart barruan ekoiztutako bi ikuskizun prestatu ditu.

BADen informazio bulegoak urriaren 10ean irekiko ditu ateak, Bilboko Errekalde Aretoan (Errekalde Zumardia, 30). Datei eta ordutegiei buruzko informazio guztia jaialdiaren webgunean dago erabilgarri: www.badbilbao.eus