Eduardo Gaviña: "Bilbora etorri nintzenean Bilboko gauak zoragarriak ziren. Gaur, berriz, oso aspergarriak dira"

uriola.eus 2018ko urr. 5a, 09:02

Eduardo Gaviña (Laudio, 1969) argazkilaria, aktorea, abeslaria, eta, batez ere, kabaretaria da. Yogurinha Borova ezizenarekin ezagutzen dugu eta Bilboko gauetan ikusi dezakegu sekulako arrakasta izan duen 'Eraso sexistarik ez' abestia kantatzen. 

Izan ere, Yogurinha Borova urteak daramatza oholtzaren gainean lanean. Pertsonaia Las Fellini taldean sortu zen 1994ean, Bilbon. "Laudiotik Bilbora etorri nintzen, egun haietan hau itzela zen. Las Fellini ikustera askotan joaten nintzen eta azkenean taldean sartzera gonbidatu ninduten". Hasieran, Spice Gays ikuskizunean parte hartu zuen eta taldeko pertsonaiei izena jartzeko beharra ikusi zutenean sortu zen Yogurinha. 

Ordutik, Bilboko taberna eta bestelako aretoetan ikuskizunak, ezkondu-aurreko agurrak eta hainbat festetan girotzeak batera egiten zituzten. Hamar urte eta gero taldea utzi eta abeslari bezala aritu izan da. Euskaraz lan egitea erabaki zuen eta 'Eraso sexistarik ez' abestiak izan duen arrakastak ateak ireki dizkio: "Aurten udan lan asko egin dut, Gipuzkoako zenbait herritan egon naiz, eta jendea beste herrietatik zetorren ni berriro ikusteko, zoragarria izan da."

Hala ere, transformisten lana gogorra dela azaldu du. "Bilbora etorri nintzenean Bilboko gauak zoragarriak ziren. Gaur, berriz, oso aspergarriak dira, ez dago girorik eta lana topatzea zaila da." Baina, ostiral guztietan Yogurinha Borova ikusteko aukera dago. Izan ere, udaletxearen atzekaldean (Kristo kalean) dagoen Key tabernan bere showa egiten du gau horietan.

Horrez gain, disko berria prestatzen ari da. Musikarekin ezin daitekela bizi azaldu du, horregatik, nahi dituen gaiak jorratzen ditu. Sortzea antzeztea baino gehiago gustuko duela dio Eduardok, eta kaletik bere abestiak entzuten dituenean pozten dela. Bukatzeko, Eduardo argazkiak egiten jarraituko duela argitu digu eta bere lana 'Bira' tabernan egongo da ikusgai abendua honetan egingo den erakusketan.