Jaialdiaren omenaldia jasoko du ZINEBI 60ren amaiera ekitaldian, azaroaren 16an, 20:00etatik aurrera, Arriaga Antzokian. Ekitaldi horrek, bere azken film laburraren, Torontoko Zinemaldian estreinatu berri duen Blue lanaren, estatuko première-a jasoko du, eta baita Apichatpongek eta Thailandiako zinegile garrantzitsuenetako batzuek (Aditya Assarat, Chulayarnnon Siriphol eta Wisit Sasanatieng) zuzendutako 10 Years Thailand talde lana ere.
ZINEBI, Apichatpong Weerasethakulen filmografia harrigarriaren erakusketa programatu zuen Estatuko lehenengo jaialdia izan zen, 2004an. Bere lehenengo bi film luzeek eta sei film laburrek osatzen zuten. Oraingo honetan, Thailandiako zinegile eta diziplina anitzeko artista plastikoa Bilbora etorriko da jaialdiaren sari gorena jasotzeko.
Horrez gain, jaialdiak, zinegilearen 22 film laburrez eta ertainez osatutako atzerabegirakoa eskainiko du Guggenheim Museoan, azaroaren 14an eta 15ean. Horietako batzuk ez dira inoiz ikusi Estatuan. Horrez gain, 2010ean Canneseko Urrezko Palma irabazi zuen zinegileak, bere filmen inspirazio iturri diren kultur eta arte erreferentzietan, eszenan jartzearen prozeduratan eta antzezleekin egiten duen lanean zentratutako masterclass bat eskainiko du.
Apichatpong Weerasethakulek (Bangkok, 1970) pribilegiozko lekua hartzen du begirada erabat propioa eta guztiz originala duten mundu osoko zinegileek osatutako talde txikian. Zinean egin duen lanean –artista plastiko eta ikus-artista gisa egiten duen lanarekin batera egiten du–, errealitatea, fantasia, ametsak, amesgaiztoak eta mamuak, bere arauen arabera funtzionatzen duen leku berean bizi dira. Berea exigentzia eta poesia maila altuko zinea da eta, aldi berean, lehen mailako emozioetara ere jotzen du.