Urriaren 24an eta 25ean, Europa eta Latinoamerikako talentuek erakustaldiak eskainiko dituzte Bilboko zenbait aretotan

uriola.eus 2018ko urr. 4a, 10:29

Bosgarren edizio honetan, 40 banda baino gehiago izango dira 10etik gora herrialdetakoak, euren artean aurrenekoz Taiwan eta Filipina bezalako herrialde urrunetakoak.

Urriaren 24an eta 25ean Europa eta Latinoamerikako etorkizunik oparoeneko talentuek Bilboko aretorik garrantzizkoenetako batzuk hartuko dituzte, mugak gainditu eta uriko publikoa berotzeko. Edizio honetan 40 banda baino gehiago izango dira 10etik gora herrialdetakoak, euren artean aurrenekoz Taiwan eta Filipinas bezalako herrialde urrunetakoak. 

Hitzorduak bosgarren edizioa beteko du BIMEren eskutik eta Bilboko Udalaren babesarekin. Bi helburu nagusi ditu: Erakusleihoa izatea BIME Pro-n parte hartzeko Bizkaira etorritako Europa eta Latinoamerikako musikaren profesionalentzat eta, aldi berean, berotze-ariketak eginez atarikoa eskaintzea BIME Live jaialdia bizitzeko asteburua noiz iritsiko zain irrikan daudenei.

Taldeek, euren errepertorioko lagin moduan, ordu erdi inguruko erakustaldiak eskainiko dizkiote publikoari, baina baita sektoreko profesionalei ere. Kafe Antzokia, Stage Live, Backroom, Shake, El Muelle, La Ribera, Azkena eta Bilborock aretoetan izango dira kontzertuak.

MUSIKA BAINO GEHIAGO

Aurtengo nobedade nagusia musika baino haratago doa. BIME City-ren barruan ikus-entzunezkoen zirkuitua sartuko da ekoizleen eta Media Attack, Caostica eta Cuchillo sorkuntzarako estudioen eskutik: irudiekin esperimentazioa egitean oinarrituko den kaleko ikuskizun bisuala, giro abegitsua, sentsoriala eta beroa sortzeko.