Bilbok Euskaraldiko hamaikakoa aurkeztu du

uriola.eus 2018ko urr. 5a, 12:26

11 egun euskaraz ekimenean Bilboko hamaikakoan Belarriprest eta Ahobizi izango direnen izenak ezagutzera eman dituzte. Horien artean, Yogurinha Borova, Aitor Argote edota Natxo Lekunberri daude. Horrez gain, igande honetan, izen-emate masiboa antolatu dute Moyua plazan.

Euskaraldiak izen-emate epea zabaldu du, beraz, Belarriprest edota Ahobizi artean aukeratzeko unea heldu da. Ekimenean atxikimendua eman duten herriek eta auzoek euren hamaikakoak aurkezten ari dira. Atzo, Bilboren txanda izan zen.

Ahobiziak hauek izango dira: June Fernandez kazetaria, Aitor Elizegi sukaldaria, Natxo Lekunberri Mutualiako gerentea, Lur Mallea kazetaria, Manu Iturregi ostalaria, Larraitz Cisneros Euskaraldia batzordeko kidea eta Aitor Argote Berbalaguneko koordinadorea izango dira.

Belarriprestak, berriz, hauek izango dira: Eva Ferreira UniBasqueko lehendakaria, Yogurinha Borova artista, Maddi Gutierrez Harrapazankeko kidea eta Ane Ortega Deustu eta EHUko irakaslea.

Hauek hiriaren enbaxadore izango dira 11 egun horietan. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra ariketa sozial honetan parte hartuko dute beraien rolak aurrera eramanez. Izan ere, modu pertsonalean eta borondatez aukeratu dute ekintzan parte hartzea eta Belarriprest zein Ahobizi izatea eta jendea euren eredua jarraitzea nahi dute, ekimenean parte hartuz.

Izen-emate hori indartzeko, eta jendea animatzeko, ekitaldi berezi bat egingo dute igande honetan. Hau, Moyua plazan izango da, atzo hamaikakoa aurkeztu zen toki berea. Eguerdiko 12:00etan hasiko dira eta Bilbotar guztiak animatu nahi dituzte Belarriprest zein Ahobizi izatera.