uriola.eus

2018ko urriaren 12a, ospatzeko eguna

Erabiltzailearen aurpegia   Iritzia

Bihar urriak 12 izango da; aniztasunaren eguna Venezuelan eta Argentinan, arrazaren eguna Kolonbian eta Hondurasen, Pilareko Ama birjinaren eguna Zaragozan eta hispanitatearen eguna Espainian. 

Argi dago euskaldunok egun horretan ez daukagula deusik ospatzeko, baina ez dut uste irakurleari ezer berria esaten diotsedanik, Euskadin oro har, nabarmena baita egun horrek ospakizun eskasa duela. Egia da gorriz daukagula markatuta egutegi ofizialetan, baina egun horretan lanera ez joateaz gain, ez dut uste espainiartasuna goraipatzeko ospakizunek oihartzun handiegirik dutenik gurean. Are gehiago, esango nuke jaiegun hori beste bategatik aldatuko balitz, jendeak gusturago hartuko lukeela eguna. Gure etxean eta ikastolan beti deitu izan diogu “el pilar”.

Hispanitatearen egunean, Gaztelako koroaren garai bateko espantsioa gogorarazten da, handikeriaz eta memoria eskasiaz. Orduan, hainbat pertsona, kultura, hizkuntza eta abar akabatu zituzten espantsio horren izenean eta, mendeak pasatu diren arren, argi dago espainiartasunaren espiritu espantsionista ez dela agortu. Nabarmena da, Espainiar Estatuak ezin dituela metodo berdinak erabili bere naziotasunaren “handitasuna” erakusteko, baina argi dago bere hiritartasun bakarraren aurka dagoen edozein adierazpen txikitzeko ahaleginetan kikiltzen ez dela: disimulu handiagoz batzuetan, disimulu gabe beste batzuetan eta lotsabako jokatuz beste askotan.

Espainiak komunikabideak, legeak eta bere eskura dituen tresna guztiak erabiltzen ditu Estatuaren naziobakartasunari eta estatuaren kultura uniformizazioari ekiteko. Estatuari berdin dio Nafarroan Euskal Telebistari trabak jarri behar dizkion, flamenkoa penintsula osoan zabaldu behar duen Espainiako folklore bakar gisa, Toni Canto igo behar duen Kongresura tontakeriak esatera edota politikari katalanak atxilotu behar badituen; baina argi dauka edozerk balio diola espainiar nazionalismoa inposatzeko eta berau gure barrenera sartzen saiatu edota behintzat nork agintzen duen erakusteko.

Lehen aipatu ditudan adibideen artean dago ere kirol selekzioena. Euskadik ez dauka ia kirol selekzio ofizialik, ez behintzat kirolik mediatikoenetan Espainiaren eta Frantziaren presioengatik. Gizonezkoen futbola hegemonikoa den euskal gizarte honetan, Bidasoaren hegoaldean bederen, euskaldun futbolzaleak (edota kirolzaleak) umezurtz daude selekzioen arteko norgehiagokak daudenean eta gure futbolariek (edota kirolari gehienek, bai gizon zein emakumeek) eurena ez den edota identifikatzen ez diren selekzio batekin ekin behar diete nazioarteko lehiaketei.

Bihar beraz, ahaztu dezagun urte batez urriaren 12a dela eta ospatu dezagun gure selekzioak norgehiagoka bat duela nazio bat ordezkatzen duen eta FIFAk onartzen duen selekzio baten aurka. Ez diezaiogun eman garrantzirik zer ez garen esatera eta bildu gaitezen denok zer garen aldarrikatzeko. Erakutsi diezaiogun Venezuelari, nazioarteari eta batez ere gure buruari, nazio bat garela, gure selekzioak nahi ditugula eta ofizialtasunaren alde gaudela. Bihar gizonezkoen futbolak duen botere mediatikoa erabiltzen ez badugu, alperrik arituko gara zer ez garen aldarrikatzen, Estatuari bere muturrean emateko aukera paregabea izango dugunean. Bihar Mendizorrotza betetzen ez badugu, ez gara deus izango.  

Nazio bat garelako, selekzio bat. Ofizialtasuna orain!

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa