Areatzako tinglatuetan akanpada egingo dute migratzaileen egoera salatzeko

uriola.eus 2018ko urr. 15a, 13:12

72 orduko ekintza izango da, eta atzo gauean hasi ziren. Baina, udaltzainek, migrariek harrera duin bat izan dezatela aldarrikatzeko burututako ekimeneko kanpin dendak indarrez eraman zituzten. Hauek berriro jarriko dituztela argitu dute gaur goizean.

Hainbat auzotik pasa ostean, Bilbon zeuden migratzaileak Bizkaiko hainbat herrietatik banatu dituzte. Atxuri, Bilbo Zaharrean, Karmelan eta Bizinahin uda pasa ostean, hauek laguntzeko beste leku batzuk behar izan dira, eta Bizkaiko herrietan lortu dira.
 
Horregatik, instituzio desberdinek eduki duten jarrera, eta migratzaileen egoera ere salatzeko, Areatzako tinglatuetan akanpada bat egitea adostu dute. Hau atzo hasi zen, eta gaur gauean, ekimena burutzeko zeukaten kanpin dendak indarrez eraman dituzte.
 
Nahiz eta ekimena egiteko baimena izan, bertan ezin daitekela akanpatu argitu dute. Gaurko prentsaurrekoan azaldu dutenez: "Bilbon, zubi baten azpian lo egiten baduzu, ez dago problemarik. Hori ez da bidezkoa, eta 72 orduz Areatzan egongo gara. Dendak berriro eramaten badituzte, denda gehiago eskatuko ditugu." Bizkaiko herriek lagundu digutelako, bestela 80 pertsona kalean egongo lirateke gaur."
 
Alde batetik, adierazpen askatasunaren kontrako eraso zuzen bat izan dela, eta bestetik, udaletxeak dituen eskumenetatik kanpo egon den jokaera larria izan dela salatu dute "Instituzioen aurrean elkarretaratzeak egingo ditugu pertsona guztiek gauak pasatzeko toki bat eduki dezaten eskatzeko. Euskal Herria harrera herria da, hemen . Atzo tinglatuetan zeuden dendak eraman zituzten eta gaur hemen gaude berriro, eta jarraituko dugu."
 
Bukatzeko, auzoei eskerrak eman dizkiete: "Auzolanari esker gauak pasatzeko tokiak, janaria, arropa eta laguntza izan dute uda osoan zehar. Orain, harrera planek hutsune handiak dituztela argi geratu da. Auzokideak izan dira migratzaileei laguntzeko aurrerapausoa eman dutenak." Hori dela eta, 72 orduko protestarekin jarraituko dutela adierazi dute prentsaurrekoan.