BIME, udazkeneko jaialdi nagusia

uriola.eus 2018ko urr. 16a, 12:15

Urriaren 26an eta 27an BIME Live jaialdia egingo da Bilboko BEC! aretoan. Aphex Twin, MGMT, Editors eta Four Tet ariko dira, beste askoren artean. BIME Pro programako buruak MTVren sortzailea eta musikaren arloan itzal handiena duten emakumeetan hirugarrena izango dira.

Bizkaia Music Experience, BIME, Barakaldoko BEC-en izango da berriz urriaren 24tik 27ra arte. BIME Pro, musikaren eta sormenaren industriaren arloko profesionalen ekitaldia, urriaren 24an bertan hasiko da; BIME Live jaialdia, aldiz, 26an eta 27an egingo da (ostirala eta larunbata).

BIME Live

Aurten, berriz ere, BIME Live jaialdiko kartela itzela izango da: Aphex Twin, MGMT, Editors, Four Tet eta beste asko.

Berriz ere Gaua izango dugu, BIME Livek dantzan egiteko musika onenari eskaintzen dion atala; ezbaitik gabe, aurtengo ekitaldian buruzagia Errusiako musika elektronikoaren erregina izango da, Nina Kraviz. Eta esparru berria egongo da: Goxo. Klub txikia jaialdi handi baten barruan. Gozoa, beroa, sexya, underground-a. Gaur egun puri-purian dabiltzan hiri-soinuen bilgunea. Trap-a, hip hop-a, reggaeton-a, R&B-a. Goxora doanak ondo pasatuko du, izerdia botako du, ipurdia makurtu eta dantzan egingo du, eta hori guztia bere burua atsegin duela. Yung Beef, Florentino, Steve Lean eta Flaca bezalako puntako artistek gaur egungo doinu berrienak eta interesgarrienak airatuko dituzte eta dantzariek ez  dute edukiko atsedenerako betarik.

BIME Pro

Munduko musikaren industriako goren mailako bi pertsonek amaiera bikaina emango diote BIME Pro hitzaldi-programari. Batetik, John Lack ariko da, MTV bideoklip-kate ezagunaren sortzailea; bestetik, Vanessa Reed izango dugu, PRS Foundation-en CEO eta munduko musikaren arloko iritzi-buruzagi entzutetsua. Biei esker orain artean izan diren edizoetatik handietakoa izango da aurtengoa.

John Lack lehenengoz izango da Bilbon; halaber, lehenengo aldiz bilduko dira industriarentzat hain garrantzitsua den ekitaldi honetan. Bi adituok erreferentzia izango dira mundu osotik hainbat jardueratan parte hartzeko etorriko diren profesionalentzat; profesional bakoitzak bere ikuspegia plazaratuko du. Lack esperientziaren ahotsa izango da eta Reed-ek bere indarra eta inspirazioa erakutsiko dizkigu.