Udan zehar 309.233 pertsona joan dira Gaztelugatxera

uriola.eus 2018ko urr. 17a, 10:26

Gaztelugatxera 309.233 pertsona joan dira aurtengo ekainaren 15etik irailaren 30era bitartean, Bizkaiko Foru Aldundiak bildutako datuen arabera. Horrenbestez, iazko epealdi beraren aldean % 2,94 hazi da bisitari kopurua.

Biotopo babestu horretan bisitarien sarrera kontrolatzeko sistemak ezarri izanak pertsona fluxuen erregulazioa ahalbidetu du, ilara gutxiago izan da eta, horrenbestez, hobetu egin da bisitaren esperientzia. Bisita gehieneko hilabeteak abuztua (133.100 pertsona) eta uztaila (80.909) izan dira, baina abuztuan % 7,07 jaitsi da kopurua. Gaztelugatxera hurbildu diren gehienak Estatutik etorritakoak izan dira (% 60,98), eta atzerritik etorritakoen artean (bisitari guztien % 24,11) gehienak frantsesak eta italiarrak izan dira.

Behin betiko jarduketa plana zehazteko ekarpenen prozesua amaitzeko zain, Bizkaiko Foru Aldundia lanean ari da adimen artifizialaz lagundutako audio-giden sistema ezartzen eta Gaztelugatxerako sarbidearen autobalidaziorako eta informaziorako elementuak jartzen sarrera gune guztietan. Aldundiak Gaztelugatxeko bisitaren esperientzia hobetzeko pausoak ematen jarraitzen du. Ildo horretan, orain hiru arlo lantzen ari da:

  • Oinezkoentzako pasealeku bat markatzea Bakiotik Matxitxakoko itsasargiraino,  Gaztelugatxetik ere igarota.
  • Adimen artifizialaz lagundutako audio-giden sistema. Sistema horrek ahalbidetzen du Gaztelugatxera doan pertsonak kontakizun bat entzuteko aukera izan dezan bisitan zehar garrantzia duten zenbait gunetan, gailu mugikorra erabiliz (smartphonea edo tableta). Sistema hori web-orri batean oinarritzen da, handik eskaintzen baita kontakizun hori, hainbat hizkuntzatan.
  • Gaztelugatxerako sarreraren autobalidaziorako eta informaziorako elementuak jartzea sarrera guneetan. Sistema horrek sarrera guneetan bisitari ilarak sortzea saihestuko luke eta kontroleko langileak askatuko lituzke beste lan batzuetan jardun ahal izateko, esaterako bisitariei informazioa ematen bisitaren gako diren elementuei buruz, gorabeherak kudeatzen edota tiketik gabe joaten direnei arreta ematen.