Bilbok munduko artisau-garagardo onenak Beerbao Festan

uriola.eus 2018ko urr. 17a, 11:27

Azaroaren 23 eta 24an Beerbao Fest Euskalduna Jauregira itzuliko da. Nazioarte mailan entzutetsuenen artean dauden 100 garagardo baino gehiago ekarriko ditu Bilbora 30 ekoizle baino gehiagoren eskutik.

Tartean, Lervig eta Cervisiam norvegiarrak, North Brewing ingelesak, Dry & Bitter danimarkarrak, Basqueland eta Mala Gissona gipuzkoarrak, Laugar bizkaitarrak, Bartzelonako La Pirata eta Valladolid-eko The Flying Inn. Ekoizleok presentzia iraunkorra izango dute jaialdiaren 2 jardunaldietan zehar stand propioen bitartez eta bertan euren garagardo ezberdinak dastatzeko aukera izango da.
 
Gainera, Beerbao Fest-en bosgarren edizioak Budejovicky Budvar-en babesa izango du. Txekiar Errepublikako lehen ekoizle independente eta izen handikoenen artean dago Budejovicky Budvar. Jaialdiko sarrera erosten duen orok euren garagardo bat doan edateko aukera izango du.
 
Bestalde, 10 iturri izango dituen stand nagusiak 20 ekoizle ingururen garagardoak tartekatuko ditu, Belgika, Alemania eta Britainia Handiko klasikoetatik hasi eta garagardo-lantegi moderno eta berritzaileenetaraino. Guztira, Beerbao Fest-en bosgarren edizio honetan 30 iturri izango dira. Jaialdiak merchandising eta janari guneak ere izango ditu.

Nobedadeak sarreretan


Bihar, urriak 18, Beerbao Fest 2018ren lehen sarrerak eskuragarri izango dira Ticketea-ren bitartez. Nobedade moduan gidatutako hastapen tour-etarako ticket-ak izango dira, 12€ + banaketa gastuen truke. Gidari batek lagunduta, 30-45 minutuko bisita egingo da jaialdian zehar, ekoizle batzuk ezagutu eta bost garagardo probatuta.

Bihar ostiralerako programatutako hiru tour-etarako (azaroak 23, 18.30 eta 19.30h gazteleraz eta 19.00etan, euskaraz) sarrerak jarriko dira salgai, baita larunbatean izango diren seietakoak ere (azaroak 24, 12.00, 14.00, 17.00 eta 19.00h, gazteleraz eta 13.00 eta 18.00h, euskaraz). Tour hauek kalitatezko garagardoen mundu dibertigarrian hasteko aukera paregabea dira