Seriesland, ikus-entzunezko genero berritzailerako berariaz sortutako sariketa da, eta bertan ekoizpen lan handiek eta oso aurrekontu txikiarekin egindako proposamenek dute lekua, doako kanalen (Youtube edo Vimeo) eta harpidetuta ikusten diren plataformen (Netflix, Crackle) arreta erakarriz.
Jaialdia urriaren 22tik 27ra luzatuko da, eta egun horietan dohainik eskainiko dira lehiaketara aurkeztuko diren proiekzio guztiak. Jaialdia, sariak banatuz Guggenheim Museoan egingo den ekitaldiarekin amaituko da. Sekzio Ofizialak nazioarteko 30 webserie onenen aukeraketa eskainiko du, Amets sekzioak 45 serie independenteren programazio alternatiboa proposatuko du, eta Euskal Screening-ek bost euskal ekoizpen eskainiko ditu.
Programazioa
Guztira, BILBAO SERIESLANDek 25 herrialdetatik datozen eta 20 orduko proiekzioa hartzen duten ehun serie baino gehiago jasoko ditu, eta hogei herrialdetako 150 profesional baino gehiagoren bisita hartuko du, bere laugarren edizioa bete behar duen honetan SERIESLAND jaialdiak nazioartean lortu duen garrantzia erakutsiz. Ikus-entzunezkoen sektoreko izen handiak (Paramount,HBO, Mediapro, ComedyCentral,Viacom,Virgein Media, Blackpills, EITB, RTVE…)daude ekoizteko edo eskaintzeko titulu berrien bila SERIESLANDMARKETera etorriko diren puntako 60 enpresen artean.
Bertako sorkuntza lanen atalean, urriaren 23rako, astearterako, "Otsoen Lurraldean", euskaraz egindako lehenengo serie digitalaren mundu mailako estreinaldia, lehiaketatik kanpokoa, programatu da. Joan den abenduan errodatu zuen 4Kn A Film To Kill euskal ekoiztetxeak, eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza du. Estreinaldi berezi horretan, lehen aldiz ikusi ahal izango dira pantaila handian lehenengo lau kapituluak, sortzaileen eta talde teknikoaren eta artistikoaren presentziarekin.
Nazioarteko azoka 24tik 26ra
Ikus-entzuleek mundu osoan ekoiztutako azken lan azpimarragarrienak ikusteko duten aukeraz gain, jaialdiak ikus-entzunezkoen sektorera berariaz zuzendutako beste ikuspegi bat ere badu: sortzaileen, ekoizleen eta banatzaileen arteko topalekua izatea. Horrela, urriaren 24tik 26ra ETBko Multiboxean egongo den BILBAO SERIESLAND MARKET, berariaz serie digitaletara zuzendutako nazioarteko benetako azoka gisa eratzen da. Aurtengo edizioan mundu osoko 60 enpresa etorriko dira, aurreko edizioan baino %20 gehiago.
Emanaldiak Multicines aretoetan izango dira, José María Escuza kalean, eta ikus-entzuleek, ordenagailu edo tablet baten eta baita telefono mugikor baten pantailan ikusteko pentsatuta dauden lanak pantaila handian gozatzeko aukera paregabea izango dute.
BILBAO SERIESLANDeko jarduerak hiriko beste puntu batzuetara ere zabalduko dira: Guggenheim Museoa sarien banaketarako ekitaldirako eta zeremoniarako, Bilborock aretoa irekiera ekitaldirako, Itsas Museoa eta BEAZen egoitza topaketa profesionaletarako, eta bisita turistikoak edo amaierako jaia jasoko dituzten hiriko hainbat puntu.