Zinebiren 60. edizioa azaroaren 9an hasiko da

uriola.eus 2018ko urr. 23a, 10:49

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak – ZINEBI 60k azaroaren 9an, arratsaldeko 20:00etan, zabalduko ditu bere ateak Arriaga Antzokian, Mariano Llinás zinegile argentinarrari Ohorezko Mikeldia emanez.

Horrez gain, ZINEBI 60k primizian, hamarkada batez egin den eta ia 14 ordu irauten dituen La flor filma aurkeztuko du. Azaroaren 11, 12 eta 13an eskainiko da Golem – Alhondiga zine-aretoetan.

Inaugurazio ekitaldian, Llinás berak zuzendutako La Flor antes de que fuera La Flor lana estreinatuko da, Piel de Lava taldeko antzezleek (Elisa Carricajo, Valeria Correa, Pilar Gamboa eta Laura Paredes) interpretatutakoa. Kalean, herritarrak jaialdiko edizio berezi honen partaide bilakatzeko, Patxi Araujo eta Martin Etxauri aktoreek oso mapping berezia egingo dute Bailen kaleko “zeru-orratzaren” fatxadan. Instalazio artistiko berezi horretan irudiek, musikak eta performanceak bat egingo dute, ikus-entzuleak inguratuko dituen atmosfera hipnotikoa sortuz, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, ZINEBIk bere 60. edizioaren oihala altxatu aurretik.

Edizio honetako Ohorezko bigarren Mikeldia Apichatpong Weerasethakul zinegile thailandarrari emango zaio, sakonera poetiko handia duen eta errealitatea eta fantasia naturaltasunez uztartzen dituen ikus-entzunezko lan zorrotza eta koherentea aintzatetsiz. Ohikoa denez, oraingo honetan Weerasethakulek azaroaren 16an hartuko du saria, jaialdiaren amaiera ekitaldian. Ekitaldi horrek, gainera, bere azken film laburra, Torontoko Zinemaldian estreinatu berri duen Blue lana, jasoko du, eta baita Apichatpongek eta Thailandiako zinegile garrantzitsuenetako batzuek (Aditya Assarat, Chulayarnnon Siriphol eta Wisit Sasanatieng) zuzendutako 10 Years Thailand talde lana ere.

124 herrialdetatik etorrita aurkeztu diren 3.770 film laburretatik, 52 film aukeratu dira Sekzio Ofizialean parte hartzeko, Jaialdiko Sari Nagusia eta fikzio, animazio eta dokumental onenaren Mikeldiak lortzeko borrokan: fikzioa (22), dokumentala (18) eta animazioa (11). Lehiaketarako aukeratu diren lanen artean Estatuko 13 daude, eta horietako 6 euskal zinegileek egindakoak dira.

Euskal ekoizpen lanak hauek dira:

  • Azken otsoa, Iker Maguregi (fikzioa).
  • Cadoul de craciun, Bogdan Muresanu (fikzioa).
  • Ancora lucciole, María Elorza (dokumentala).
  • Amor siempre, Maider Fernández (dokumentala).
  • Il dolce far, Richard Sahagún (dokumentala).
  • It is All Right Here, Teresa Sendagorta (dokumentala).

Estatuko Zinearen atalean hauek arituko dira:

  • Vaca, Marta Bayarri (fikzioa).
  • Corre brilla luz luz, Jordi Díaz Fernández eta Miguel Ángel Blanca (fikzioa).
  • Los elefantes de Escipión, David Pantaleón eta Pilar Aldea (fikzioa).
  • Foreigner, Carlos Violadé (fikzioa)
  • Flora e fauna (Shot on Sight), Alberte Pagán (dokumentala).
  • Entre raíles, D. Spratt, A. Puig Ros, S. Rúa eta D. González (dokumentala).
  • Patchwork, María Manero Muro (animazioa).