Info 7 Irratia: "EAE mailan emisio lizentzia gehien dituen irratia izango gara eta euskara hutsez gainera!"

uriola.eus 2018ko urr. 24a, 13:30

Info 7 Irratiak bilera irekia antolatu du arratsaldeko 19:00etan Bilboko La Bolsa eraikinean. Aldez aurretik, elkarrizketa bat egin diegu. Badator informazioan eta musikan oinarrituko den euskarazko irrati berri bat.

1.- Zergatik erabaki duzue orain aldaketa hau egitea?

 

13 urte dira Info7 Irratia sortu genuenetik. Bide oparoa izan du proiektu honek, leku bat egitea lortu dugu espainiako irrati kateez betetako dialean. Baina hasieratik aldarrikatu dugu FMn modu legal eta normalizatu batean egoteko bokazioa genuela eta hori lortzeko lanean ibili gara, bereziki, azken 6 urteetan. 2012an burutu zen lehiaketan hainbat emisio lizentzia lortu genituen eta urteetan epaitegietan borrokan egon ondoren errealitate bat dira gaur egun. 

Beraz, lizentzia hauetan oinarrituta Info7 Irratiak dituen gabeziak gaindituko dituen irrati proiektu berri batean parte hartuko dugu orain, gure esperientzia eta kapital guztia proiektu horren mesedetan jarriz. Jauzi bat izango da azken finean.

 

2.- Bilera irekiak egiten ari zarete. Gaur Bilboren txanda da. Zer lortu nahi duzue ekintza hauekin?

 

Info7 Irratia Euskal Herri osoko 2.000 bazkideen elkarte batek kudeatzen du, Aztibegia Elkartea hain zuzen ere. Honelako jauzi bat emateko orduan bazkideekin konpartitu eta beraien iritziak jasotzeko esfortzua egitea merezi duela uste dugu. 

Horregatik, herrialde bakoitzean batzar informatiboak egitea erabaki dugu. Gure komunitate guztiari erabakien berri eman, egon daitezken zalantzak argitu eta denen artean pausu garrantzitsu hau eman.

 

3.- Gutxi dakigu datorrenari buruz, baina irrati euskalduna izango dela argitu duzue. Euskaraz bakarrik egitea garrantzitsua da zuentzat?

 

Emisio lizentzien lehiaketan euskara hutsezko irratientzat hainbat lizentzia gorde ziren eta gu haiek eskuratzeko apustua egin genuen hasieratik. Garrantzitsua da guretzat bai. 

 

4.- Beste aldaketaren bat aurreratu dezakezue?

 

Esan bezala jauzi bat suposatuko du honek zentzu guztietan. Ez dugu Info7 Irrati legal bat egingo. Beste proiektu bat abiatzeko apustua egiten dugu, EAE mailan emisio lizentzia gehien dituen irratia izango da eta euskara hutsez gainera! Fase bat bukatutzat eman eta beste abiapuntu bat jartzea da gure intentzioa, beraz, aldaketa asko egongo dira. Markari dagokionez ere bai.

 

5.- Parrillan aldaketak egongo dira?

 

Bai noski. Beste parrilla bat osatuko dugu, informazioan eta musikan oinarrituko dena.

 

6.- Ahots barriak sartuko dira? Fitxaketarik bai? Betiko lantaldeak jarraituko du?

 

Guretzat garrantzitsua da urte guzti hauetan irratigintzan ikasitako guztia proiektu berri honi ekarpena egiteko baliatzea. Ez gara hutsetik abiatuko. Beraz, proiektu berriaren lantaldea gaur egungo lantaldean oinarrituko da.

 

7.- Tokikomekin (edo tokiko komunikabideekin) elkarlana sustatuko duzue?

 

Noski baietz. Gureak bezalako proiketuetan elkarlana ezinbestekoa da.

 

8.- Naiz taldearen barruan jarraituko duzue?

 

Bai. Orain arte hartu eman eztua izan dugu gure artean eta harreman horietan sakondu nahi dugu aurrerantzean ere bai.

 

9.- Beste herrietan ordezkaritzak irekiko dituzue?

 

Info7 Irratiko estudioak Urruñan daude gaur egun, Lapurdin. Honetan ere jauzi bat eman nahi dugu eta estudio nagusiak Donostian eraikiko ditugu. Garrantzitsua da guretzat hiriburu batean ezartzea.

Horrekin batera, hasiera batean, emisio bakarra jarriko dugu martxan, honelako pausu batek sekulako esfortzua suposatzen bait du. Baina lekuan lekuko deskonexioak egiteko lanean jarriko gara laister.

 

10.- Non eta noiz da Bilboko gaurko bilera irekia eta zergatik da garrantzitsua bertara joatea eta parte hartzea?

 

Gaurko bilera La Bolsa eraikinean burutuko dugu arratsaldeko 19:00etan. Honezkero Hego Euskal Herriko gainontzeko herrialdetan burutu ditugu honelako batzarrak eta jarrera oso ona topatu dugu gure komunitatearen barruan. Ilusioz hartu da jauzi berri hau.

Guk ere ilusioz bizi dugu etapa berri hau eta gure komunitatea osatzen duten bazkide, entzule eta kolaboratzaileekin batera abiatu nahiko genuke, denen artean. 

 

11.- Zeozer gehitu nahi duzue? edo primiziaren bat eman…

 

Ulertzen dugu datorrenaren inguruan jakin min handia dagoela, ez bait dugu informazio gehiegi zabaldu. Baina garrantzitsua iruditzen zaigu etapa hau ongi ixtea eta gure komunitatearekin batera egitea. Hor jarri ditugu indarrak azken asteetan.

Beraz, primiziarik ez daukagu momentuz. Baina datozen asteetan proiektu berri honen iguruko informazioa zabaltzen hasiko gara.