Eguna Bilboko herri mugimenduaren elkargune eta saretze espazio bezala planteatu zen. Ekintzari amaiera emateko, ekitaldi politikoa egon zen. Honetan “Piztu Bilbo Itzali MTV” egitasmoak 11 Botxo Egunaren antolaketa oinarritu zuen irakurketa politikoa azaldu zen. Hona hemen, ekitaldiko testua:
Arratsalde on eta eskerrik asko gaurko 11 Botxo Eguna posible egin duzuen guztioi. Gaurko egun hau azken hilabeteetan “Piztu Bilbo-Itzali MTV” eragileak hiri-eredu hegemonikoaren inguruan egin dituen hausnarketen osteko prozesu logiko bezala ulertu behar dugu. Hausnarketa hauetatik, beste batzuen artean, ondorio argi bat atera genuen: inoiz gure bizitza eta espazioen subjektu aktibo izateko asmoa badugu, bai, Piztu Bilbo-Itzali MTVren baitan, baina baita, hiri eredu honen kontrako espresio guztietan ere, izaera bikoitzeko mugimendu bat ezarri beharra daukagula.
Alde batetik, mugimendu destituientea, gentrifikazioa eta turistifikazioa sustatzen dituen eta makroebentoz osatutako hiri eredu neoliberal honen kontra egingo duena. Beste aldetik, mugimendu instituientea, eraikitzailea; pentsatzeko, bizitzeko eta hiriaren kide izateko modelo berrien aldeko apustua egingo duena; oraindik sortzen eta eraikitzen ari garen hiri eredu bat hain zuzen; eta, urrutira joateko beharrik gabe, 11 Botxo Egunean eta duela hile batzuetatik egun honen harira ehuntzen ari diren sareetan eduki hasiera dezakeena.
Gasteizeko OkupaTU Gasteizeko kideek duela egun batzuk esan zuten bezala, barrikada batean bizi gara, elkarrenganako antagonikoak diren bi alde bereizten dituen barrikada batean. Alde batetik “eurak” daude: oligarkia vasco-españolaren ordezkari den PNV (Aburto, Urtaran, Barkosen… PNV) eta Kapital metaketa handien ordezkari diren Iberdrola, BBK, Laboral Kutxa, Lastour… Eta beste aldean, “gu”: Herria, Langile Klasea, Herri Mugimenduak eta Euskal Herria desmerkantilizatzeko, despatriarkalizatzeko eta deskolonizatzeko lanean ari diren subjektibitate eta bizitzeko era guztiak.
Barrikada honek bereizten dituen terminoak ezinbestean dira etsai. “Eurak”, botere politiko, ekonomiko eta finantzieroaren ordezkariak- espazio publikoa pribatizatzen ari direnak, gero eta harreman merkantilizatu eta patriarkalagoak eraikitzen dituztenak eta gure auzoak militarizatzen ari direnak. “Gu”, Herri Mugimendua, espazio publikoa ondasun komun bezala aldarrikatzen dugunok, beroni erabilera-balio bat ematen diogunok, harreman eta bizi eredu desmerkantilizatu eta feministen alde egiten dugunok, gu gara, (zailtasun eta kontraesan guztiekin) lurralde-eredu, hiri-eredu eta bizitzeko-eredu berri bat posible dela adierazten dugun espresiorik zintzoena.
Eurek hiri neoliberal baten aldeko apustua egin dute, Bilbo zeru argiko zentro komertzial bihurtu nahi dute, truke-balioa erabilera-balioaren aurretik jarriz, bizitzeko era ezberdinak eta harreman sozialak folklorizatuz. Merkantzia gisa eskaini nahi gaituzte, merkatu internazionalen estimurako. Diruan, interes indibidualean eta merkatuan oinarritutako harremanak interesatzen zaizkie soilik, harreman ekonomiko eta merkantilak. Euren paradigak merkantzien eta kapitalaren zirkulaziorako espazio bihurtuko ditu historiaz, bizitzaz eta borrokaz betetako espazioak. Pertsonen eta kolektibitateen harreman gune eta elkargune ziren espazioak, etengabeko fluxu-espazio bilakatu nahi dituzte, elkar ezagutzen ez duten eta elkar begiratzen ez duten pertsona atomizatuek zeharkatzen dituztenak.
Gizon hauen eta euren ugazaba ekonomikoen arabera, BBK eta Laboral Kutxak finantziatutako pasareletan soilik egon eta paseatu dezakegu, Europa eta EEUU-etatik ekartzen dizkiguten EXPOen pasarela horietan edo hipster eta turistaz josita dauden erreka ondoko txiringito txatxi-guayetan. Interesatzen zaien harreman eredu bakarra ekonomikoa eta merkantila da, diruak, interes indibidualak eta merkatuak erregulatzen duena. Guk ordea, gaur hemen argi eta garbi erakutsi dugu zein den eraiki nahi dugun eta eraikitzen ari garen hiri-eredua: ezberdintasunak adierazten dituen herri bat, solidaritatean eta komunitatean eraikiko diren harreman eta binkuloak berreskuratuko dituena. Kaleak berriro bizitzaz eta borrokaz beteko dituen hiria. Gure historia eta memoria euren museotan agertzeko merkantzia baino gehiago izango dena, kontrara, bizitzaz beteriko historia eta memoria matxinoa edukiko dituen hiri bat, alternatibak eraikitzen lagunduko digutenak; hemen eta orain.
Erakusleiho izan dadin ari dira eraikitzen Bilbo, gure auzoak guztiz “girizatuz”, Europa Iparraldeko turista aberatsen kontsumorako. Alde batetik, era argian, gure auzoak euren gida eta ofizina turistikoetan merkantzia exotiko bezala saltzen dituztenean, turistek euren Experience in Bilbao-ren barruan kontsumitu beharreko artikuluak bailiran. Horrela esentzia herrikoiaren zatitxo bat erosten dute, selfie edo kamara batek harrapatuta. Beste aldetik, era sutilago batean, makro-hotelen eta makro-erresidentzien inaugurazioak txalotzen eta errezten dituzte gure auzoen erdigunean (Alde Zaharrean edo Sanfranen gertatzen den bezala); edo pisu turistikoen eta AirBnb pisuen etengabeko gorakadaren aurrean ezikusiarena egiten dute. Guzti hau goitik egindako klase borrokaren parte da, egunero era sutil baten batailatzen ari diren gerra, alkilerren prezioa igoz, bizitza garestituz, kaleratzeak burutuz, lan hiper-prekarizatuen baliatuz, laguntza sozialak murriztuz. Hauek guztiak azken finean ekonomia kapitalistaren krisiaren adierazgarri dira eta honen ondorioak Bilbao hirian bizi(irauten) dugun klase subalternook jasaten ditugu.
Guk, ordea, klase herrikoien eta auzoen Bilbo baten aldeko apustua egiten dugu; zeinean hiria bizitzen dugunona den. Izan ere, argi daukagu haiek turismofobia deitzen duten hori guretzat klase borroka dela; klase desjabetu, herrikoi eta menpekoek erresistitzeko eta err/existitzeko dugun lanabes bakarra.
“Bilbao caput mundi” adierazten dute soberbiaz, mariskoz betetako euren banketeetatik “fama, lana eta hiriaren garapena” ekarriko omen duen makro-ebento bat aditzera ematen duten bakoitzean. Horrela bere irudi elitistenetik, “munduko alkaterik onena” edukitzeaz harro den Bilbotarraren estereotipoa indartzen dute. Gure hiria kolonizatzen duten makroebentoen bitartez, sektore herrikoiengan era negatiboan eragiten duen eredu hiper-desarroilista bat garatzen dute eta horrela, auzoak, harremantzeko-erak eta bizitzeko-erak suntsitzen dituzte. Baina guk, badakigu makroebento bakoitzaren atzean dagoena, izan MTV-a, Rugbia, Red Bulla edo etorkizuneko European Gay Pride-a, guretzako prekarizazioa, irabazien pribatizazioa eta galeren sozializazioa baino ez dela.
Hori dela eta, hurrengo azaroan, MTVaren aurrean egongo gara, barrikadaren beste aldean. MTVa, esan bezala, makroebento huts bat baino askoz gehiago da. Inposatu nahi diguten bizi eredua eta kultura eredu burges, indibidualista, patriarkal eta kolonialaren ordezkari nagusienetakoa da. Estetikaren inperioa da, miseria existentzialarena, harreman-pornografikoena, diru eta boterearen desirarena, indibidualismo eta kontsumismoarena. Bizimodu homogenizatzailearen mundua da (zenbat eta forma gehiago, orduan eta bizitza gutxiago). Edukiz guztiz hustutako mundua saltzen dute, edozein etikatik aldendutako estetikarena. MTV-a amets amerikarra da azken finean, zeinetan baten ametsa askoren ametsgaizto bihurtzen den; “just do it”-aren ametsa, GU-aren gainetik jartzen den NI-arena, GU suntsitzen duen Niarena. Munduaren aniztasuna isilarazi nahi duen munduak dira MTVak, mundu anitz horiek euren irudi konformista eta globalizatzailera murriztuz. MTVak ez dira inposatzen ari diren eredu kulturala bakarrik, bizimodu bat da, munduan egoteko era bat –beti kanpotasunetik, berarengandik inolako eraginik jasan gabe–, mundua begiratzeko modu bat –hau ikutu, sentitu edota bizi gabe–, mudua kontsumitzeko era bat -honetan bizi izan gabe.
Honegatik eta eredu honen kontra, “MTV Music Week”-a dela eta, herri mugimendu ezberdinek antolatu dituzten mobilizazio ezberdinetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, urriaren 29tik azaroaren 4ra doan astean.
Horrela, hiri honetako patrono ekonomikoei, PNVri, MTV-ari eta Euskal Herria EEUU-en kolonia txiki bat (poltikoa baino lehen, kulturala eta existentziala) bihurtu nahi dutenei, hurrengoa esan nahi diegu barrikadaren gure alde honetatik: “Ez zarete gure jabeak! Ez gara zuen merkantzia!
Zuen Bilbao homogeneoaren aurka, zuen Bilbao zuri, klasista eta patriarkalaren aurka, gure 11 Botxo matxinoak kalera aterako ditugu. Hamaika fragmentu ezberdin eta anitzekin (auzoak, identitateak, kulturak, bizitzeko erak…) guk gure Bilbo eraikiko dugu, zuen hiri ereduarekiko guztizko antagonismoan.
Guk eraikitzen dugu herri boterea, zuek botere eta denominazio burgesa zareten bitartean. Guk herri feminismoa daukagu, zuek berdintasun elitista eta klasista bat ordezkatzen duzuen bitartean. Guk kultura ezberdinen arteko elkarbizitza eta elkarrezagutza ereiten ditugu, zuek homogeneizazio okzidental eta arrazismo estrukturala inposatzen duzuen bitartean. Laburbilduz, gu gara Euskal
Herri Langile, Feminista eta deskonolizatzaile baten potentzia destituientea eta instituientea, zuek instituituta dagoen Espainiar boterea baino ez zarete. Paparra aterata saltzen duzuen Basque Country neoliberal horren ordezkari baino ez zarete, klase menperakuntzaren erantzuleak zarete, genero zapalkuntzarena eta baita gure herrian bizi dugun kolonialismo eta exklusio sozialaren mekanismo guztiena.
Bi eredu inkonpatible gara, etsaiak diren bi mundu ordezkatzen ditugu, gerran sinboliko, epistemiko eta materialean dauden bi mundu: zapaltzaileena –eurena, gutxiengoarena- eta zapalduena –gurea, herriarena-. Euren mundua indibidualismoaren, kontsumismoaren eta berekoitasunaren mundua da, isolatutako eta indibidualizatutako inurriz egindako mundua. Euren munduko inurriak, inoiz elkar aurkitu gabe ari dira bata bestearen kontra tupustean, inoiz elkarbanatu gabe bereizten dute espazioa, emozioak, laguntasuna eta esperientziak sozializatu gabe elkartrukatzen dituzte dirua, begiradak eta iritziak.
Gure mundua ordea solidaritatearena da, elkarrenganako babesarena, herriaren protagonismoarena, kultura eta subjektuen aniztasunarena;mundu askorentzako kabida duen mundu bat, bizitzeko era ezberdinak ernaltzen dituen mundua, euren munduarekiko ezinbesteko antagonismo eta hostilitatean. Horregatik uste dugu gaur 11 Botxo Egunean sortu dena sareak ehuntzen jarraitzeko, alternatiba herrikoiak eraikitzen jarraitzeko eta azpitik eta auzoetatik eraikiko den hiri eredu bat sortzeko lehenengo pausua baino ez dela. Azken finean barrikada bat eraikitzen jakiteak ez baitu ezertarako balio lubakiaren alde baten bizitzen ez baldin badakigu.