Urriaren 16an Iruñeko Kale Nagusiko 55. zenbakiko lehen solairuan izandako sutean larriki zauritu zen Yolanda Jaen Gomez, 50 urteko emakumea. Espainiako Poliziak ikerketa abiatu zuen sutea 47 urteko gizonezkoak eraginda egon zitekeelakoan. Gizonak genero indarkeria aurrekariak ditu, eta ekainera arte emakumearekiko urruntze-agindu bat izan zuen indarrean.
Epaileak zenbait arrazoiri jarraiki ezarri dio espetxeratze zigorra gizonari: ikertu den gertakarien larritasunagatik; indarkeria matxistari dagokionez gizonak dituen aurrekariengatik; osasun egoera eta erasotzailearen partetik aurretiaz pairatutako indarkeriagatik emakumea babestu beharra zegoelako; eta gizonak ihesari emateko arriskua ikusten zuelako.
Euskal Herrian aurten izandako zazpigarren erailketa matxista da. Atzo elkarretaratzea egin zuten Iruñeko Udaleletxe plazan. Gaur Bilbo, Donostia eta Gasteizen egingo dituzte mobilizazioak. Bilboko manifestazioa 20:00etan aterako da Arriaga plazatik.
Beste hiru kasu
Asteartean gizonezko batek bere bikote ohia hil zuen labankadaz Sevillan, bere etxeko atarian eta 12 urteko semea bertan zegoela. Emakumeak gizonaren aurkako salaketa zuen jarrita eta honek sexu jazarpenagatik aurrekariak zituen. Hala ere, ez zuen kautelazko neurririk edo urruntzeko agindurik. Poliziak gizonezkoa atxilotu du.
Asteazkenean bikote izandako emakume eta gizon baten gorpuak aurkitu zituzten Alicanten, eskopeta tiroz hilak. Emakumeak aurretik indarkeria matxistagatik bi salaketa zituen jarriak. Horietako bat egungo bikotekidearen aurka. Berau izan zen emakumearen desagerpena salatu zuena. Oraindik ez dute indarkeria matxistatzat jo, eta auzian sumario-sekretua ezarri dute.
Gainera, joan den ostiralean poliziak emakume baten gorpua aurkitu zuen Kordobako urtegi batean, bere bikoteak eraila. Guardia Zibilak 70 urteko gizona atxilotu du, honek erailketa aitortu eta gero.