Errigorak 5. urteurreneko udazken kanpaina abiatu du

uriola.eus 2018ko urr. 25a, 13:31

Gaur bertan hasi du Errigorak Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpaina, "5 urte euskarari puzka" lelopean. Nafarroa hegoaldeko produktuez osatutako saskiak eskatzeko aukera azaroaren 14ra arte izango da eta irabazien %25 bertako euskalgintza laguntzeko erabiliko da. URIOLAn bi saski zozkatuko ditugu.

Bost urte hauetan 800.000€ lortu ditu Errigorak Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpainari esker. Dirua Nafarroa hegoaldeko ikastolak eta AEK indartzera eta sare publikoan D ereduko taldeen sorrera sustatzera bideratzen dute.

Udazkeneko kanpaina urriaren 25etik azaroaren 14ra bitartean izango da, eta egun horietan eskatu ahal izango dira Nafarroa hegoaldeko produktuz osatutako saskiak. Banaketa boluntarioek egiten dutenez, bitartekaritzan aurreztutako dirua da proiektuarentzako bideratzen dutena.

Gaur egin dute aurkezpena Iruñean. Ekimenaren parte den Iker Ajuriagerrak azaldu du oraindik ere zonaldeko euskalgintzaren erronkak oso handiak direla: "Inoiz baino garrantzitsuagoa da denon artean putz egitea euskarak hegan egin dezan”. Aurkezpenean azaldi dute aurtengo kanpainan Euskaraldiak leku berezia izango duela, eta "ahalegin berezia" egingo dutela "Errigorak Euskaraldia elika dezan". 

Nola eskuratu saskiak

Nafar hegoaldeko produktuez osatutako bi saski daude aukeran, 50 eurotan bakoitza. Gainera, URIOLAn saski bana zozkatuko dugu. Eskaerak tokian toki eskuorriak betez ala online egin daitezke, Errigoraren web gunean. Eskaera egiterakoan gune horietatik bat aukeratu behar da eta saskiak heltzen direnean jasotzera pasatu. Bilbon 21 puntutan jaso ahal izango dira saskiak.

 

URIOLAko zozketan parte hartzeko: Eskuratu Nafarroa hegoaldeko produktu-sorta