Music Week astea azaroaren 4an Bilbao Exhibition Centren (BEC) ospatuko diren EMA 2018 sarien aurreko astean iritsiko da Bizkaira eta pop musika eta kultura ospatuko dituzten ekitaldiak antolatuko dira bertan. Gaur lehenengo saioa Barakaldon izango da; eta, azkena, San Mames estadioan larunbatean egingo den kontzertua izango da.
Horrela, Bizkaia, mundu mailako musika-panoramako erdigunea bihurtu nahi dute. Ekimenari amaiera emateko, harrera egingo diete MTV EMA sarien 25. urteurrenari. Sari horietan, urteko musika-arrakastak sarituko dituzten eta munduko artistarik garrantzitsuenen emanaldiak eskainiko dituzten 2018ko MTV EMA sarien ekitaldia egingo da azaroaren 4an Bilbao Exhibition Centre (BEC) erakustazokan eta zuzenean ikusi ahal izango dira MTVren kanalen eta plataforma digitalen bidez. Bertan, Nicki Minaj, Rosalia eta Halsey artistek jaialdian parte hartuko dute.
Hiru ekitaldi Bilbon
MTV Music Week astean, egun guztietan ekitaldiak egongo dira Bizkaian. Jai-mestizajea (Barakaldo) La Pegatina, Muchachito, Revolta Permanent eta Iseo & Dodosound taldeekin; hirikoa eta femeninoa (Durangon) Mala Rodríguez, Nathy Peluso, Brisa Fenoy eta Aneguria artistekin; Indie Rocka (Getxo) Wolf Alice, Belako, La Casa Azul eta WAS taldeekin edo Lori Meyers (Bilbo); eta akustikoa (Bilbo) Los Planetas taldearekin. Aipaturiko horiek izango dira kontzertuetara bertaratuko diren ikusleek dohainik gozatu ahal izango dituztenak.
Azaroaren 2an, ostirala, MTV Breaks ekitaldia iritsiko da Azkuna Zentrora. Bertan, momentuko pertsona ospetsuen aholkurik entzuteko eta workshop interaktiboen edo sektorean adituak direnekin antolaturiko eztabaiden bidez, gazteei sorkuntza-industriaren munduan profesionalki garatzeko ametsa betetzen lagundu nahi zaie.
Azkenik, azaroaren 3an, larunbata, San Mames estadioa hiru orduko zuzeneko musika saioetarako eszenatoki ezin hobea izango da eta sarrera guztiak saldu dituzte. Bertan, Berri Txarrak, Muse eta Foo Fighters taldeak egongo dira zuzenean.