Alde batetik, MTV-a “gorputzak eta subjektuak merkantilizatzen dituen espektakulo lotsagarria” dela uste dute plataformako kideek eta Euskal Herria desmerkantilizatzeko, despatriarkalizatzeko eta deskolonializatzeko lanean jarraituko dutela adierazi dute.
Bilbotar guztiei gonbitea luzatu die Piztu Bilbok, elkarlanean aritzeko, iritziak partekatzeko eta baita debate eta mobilizazioetan parte hartzeko ere.
Ostegunean, azaroaren 1ean, kalejira musikatu bat antolatu dute “ezin bada dantzatu, ez da gure iraultza” lelopean. 18:00etan abiatuko da Etxebarrieta Plazatik.
Azaroaren 2an, ostiralean, Jule Goikoetxeak dinamizatuko duen mahai-ingurua egongo da 17:00etan Indautxu plazan. Lutxo Egia, Monuz, Errekaleor Bizirik, Emakumeen Mundu Martxa eta auzokideen migranteentzako harreraren ordezkariak jardungo dute.
Larunbatean, goizeko 12:00etan, Bizikleta Martxa bat antolatu dute eta 18:00etan Eliptika Plazatik aterako den mobilizazioa egingo dute: “Mobilizazio honetan bizitzeko eta egoteko era ezberdinak erakustarazi nahi ditugu”.
Bukatzeko, igandean, Piztu Ezkerraldeak deituriko egun osoko egitarauan parte hartzeko deialdira batu dira eta Bilbo piztuta dagoela adierazi dute: “Argi geratu da Bilbo piztuta dagoela, argi geratu da herri mugimendua su txikiek osatutako erresistentzia itsaso bat del eta ez Peter Griffinek, ez Batmanek, ez Supermanek ere ezingo dutela inoiz gelditu”.