Ertzaintzak lagun bat atxilotu eta bi identifikatu ditu MTVren aurkako kalejiran

uriola.eus 2018ko aza. 2a, 10:49
@enekoander

Iluntzean, Bilboko Alde Zaharrean egin zen Piztu Bilbo Itzali MTVren kalejiran Ertzaintzak pertsona bat atxilotu eta bi lagun identifikatu zituen. 

Piztu Bilbo Itzali MTV plataformak kalejira antolatu zuen atzo Alde Zaharrean MTVk sustatzen dituen baloreen aurka. Kalejira Arraiga plazaren aurrean bukatu zen. Bertan, MTVren ekitaldia zegoen. Plataformak adierazi duenez: "Arriaga Antzokian euskal kultura zapuzten dituen kultur balore hegemonikoak sustatzen dituen MTVko kontzertuak burutzen ari zirela, Alde Zaharretik abiaturiko kalejira bertara heldu zen."

Azaldu dutenez, Arriaga Plazan zeuden segurtasun pribatu eta ertzainek kalejirako partaideen kontra eraso zuten. Ondorioz bi pertsona identifikatu eta lagun bat atxilo eroan zuten beraien kontrako ustezko erasoen aitzakipean. 

Gertatutako salatzeaz gain, plataformak "MTVak gure kaleak militarizatzea ekarri duela salatu nahi du". Izan ere, azkeneko egun hauetan, Bilboko kaleetan ohikoa ez den presentzia poliziala ikusten da. Aste Nagusian gertatu zen bezala, azken aldian jende ugari biltzen diren lekuetan Ertzaintzaren eta Udaltzainen presentzia areagotzen da.

Piztu Bilbo Itzali MTV plataformak azaldu duenez: "iIxilik eta menpeko nahi gaituen botere ekonomiko eta politikoaren aurrean, kaleak hartu eta auzoen, elkartasunean oinarituriko hartu emanen zein feminismoaren gainean eraikitako hiri eredua eraikitzera goaz. Horregatik, Larunbatean, arratsaldeko 18:00etan Eliptika Plazatik aterako den Manifestazioan parte hartzera dei egiten dugu."