Soziolinguistika Klusterrak antolatzen duen urteroko zita euskal soziolinguistikaren inguruan diharduten ikerlari, teknikari eta ekintzaileen topaketarako aukera izango da. Jardunaldiari hasiera 09:00etan emango diote Koldo Narbaiza, Euskara eta Hezkuntza Saileko zinegotziak, Jon Zarate, EHUko Euskara errektoreordeak eta Maddi Etxebarria, Soziolinguistika Klusterraren lehendakariak.
Jarraian, lehen saio horri lotuta, euskararen inguruan lanean diharduten hainbat eragileren txanda izango da. Euskararen Aholku Batzordeko IKTen lantaldea, PuntuEUS Fundazioa, Euskal Wikilarien Elkartea, IXA taldea, Elhuyar Fundazioa eta Deustuko Unibertsitatea zein Udako Euskal Unibertsitatearen ikuspegiak ezagutzeko aukera izango da hamarna bat minutuko aurkezpenetan.
Jardunaldian izen emandakoen parte hartze zuzenerako tarte zabala ere eskainiko da egitarauan. Aldibereko lau tailer egingo dira:
- Hizkuntzen erabileren eta bestelako faktore sozialen arteko lotura aztertzekoa.
- Lurralde bateko hizkuntza dibertsitatea nola eraman mapetara (Gipuzkoako kasuan oinarritua).
- Esparru lokalean hizkuntz aktibaziorako giltzarriak.
- Eta azkenik, segida emango diena goizeko aurreneko saioei, euskarak ingurune digitalean dituen erronkei buruzkoa (Azkue Fundazioak gidatua).
SOZIOLINGUISTIKA KLUSTERRA
Euskararen garapen sozialaren ikergunea da Klusterra. 2004an sortu zen eta ordutik honako ibilbidean ikerketa-esperientzia, harreman-sarea eta ezagutza sortzen eta metatzen joan da. Bere xedea da ezagutza soziolinguistikoa sortzea eta kudeatzea euskara biziberritzeko prozesuaren erronka, interes eta beharrei erantzuteko. Horretarako, bazkide, erakunde publiko, gizarte eragile, zientzialari eta bestelakoekin elkarlanean proiektuak garatzen ditu, ezagutza teorikoaren eta arlo aplikatuaren arteko zubiak eraikiz.