2018ko martxoa eta apirilean hiru-bat asanblada ireki deitu zituzten, ideia plazaratu, kontrastatu eta Topaketak antolatzen hasteko asmoarekin. Orduan sortu zen Topa gaitezen egitasmoa eta hura dinamizatuko zuen gazte taldea. Jendea joan eta etorri da hilabete hauetan, baina esan daiteke egoera osasuntsuan heldu direla.
Bizkaiko Gazte Euskaltzaleon Topaketa hauek Gazte Mugimenduak gaia ulertzeko eta onartzeko daukan gabezi batetik datozela esan daiteke. Hori dela eta, hauek dira biharko helburu nagusiak:
1. Euskararen inguruan hausnartzea.
2. Hausnarketa Bizkaia mailan zabaltzeko tresna eraginkorretan pentsatzea eta eskaintzea, Topaketetatik haratago.
3. Euskararen borrokari eta euskaratik antolatuko den Gazte Mugimendu bati zilegitasuna ematea eta atxikimendu emozionala lortzea.
4. Lehenengoz Bizkaia mailan egun batez gazteoi honen inguruan hitz egiteko tartea ematea.
Helburuak nahiko zehatzak dira, izan ere, badaude Euskal Herri mailan lan egiten duten beste hainbat eragile, beste perspektiba batekin lan egiten dutenak eta beste helburu batzuk buruan dituztenak. Gazteen topaguneak bat egiten du norabide honetan lan egiten duen edozein mugimendurekin, baina euskaratik lan egin eta bere egunerokotasunean, izan Gazte Mugimenduan edo bere aisia-jardueran, euskaratik bizi eta antolatuko diren gazteak izan nahi dira.
Topaketen egitaraua badago jada eskuragarri. Hiru dinamika nagusirekin errealitate konkretutik kolektiboa eratu nahi dugu, territorio libre bakarra dugun hizkuntza honen inguruan hitz egin nahi dute eta aurrera eraman daitezkeen egitasmo ezberdinetan pentsatu nahi dute.
Gainera, Joxe Mari Odriozola euskal idazleak, Iñaki Etxarri Euskaraldiaren koordinatzaileak eta Amaiur Renteriak, Topaketen antolakuntzan ibilitako gazteak, euskararen inguruko ulerkera ezberdinetatik erronka komunen bila salto emango dute “Euskarak baditu 11 aurpegi” deituriko mahai-inguruan. Azkenik, Mugalari eta Ziztada & Rlantz kontzertuekin emango diote bukaera egunari. Gainera, gosaldu, bazkaldu eta afaltzeko tartea ere egongo da.