Arkaitz Zarragak, topaketaren koordinatzailearen esanetan, “Azken topaketa egin zenetik, gauza asko aldatu dira helduen euskalduntze alfabetatze esparruan: ikasleen tipologia aldatu egin da, glotodidaktikaren inguruko hausnarketan aurrerapausoak gertatu dira, metodologia eta tresna berriak dauzkagu, zeregin berriak sortu dira eta, oro har, gure egitekoan erronka berriak agertu dira. Euskara Biziberritzeko prozesua bera ataka berrian dago.
Oso zabaldua dago une garrantzitsuan gaudelako ustea. Bultzada berri bat eman behar diogu euskarari, beste hizkuntzekiko berdintasunerako bide horretan. Erronkak ugariak dira: ezagutza hedatzea, ezagutzatik erabilerarako urratsa ematea, euskara esparru berrietara hedatzea... Euskaltegiok ere, garai batean izan genuen erkargarritasuna berreskuratu behar dugu. Sarritan azterketen eta egiaztatze prozesuen morroi bihurtzen gara eta, behar bada, ez gara kapazak beste hainbat erronkari aurre egiteko. Burua apur bat altxatu eta gure egitekoa eta egin dezakegun ekarpenaz aztertzeko aukera izan dugu bi egun hauetan.
Topaketa hau elkarlanerakoabiapuntu bat izan da. Sektore handia gara eta denon ekarpenak beharrezkoak izan dira. Baina sektoretik kanpo dauden eragileekin ere elkarlana bilatu dugu: euskalgintzarekin, unibertsitateekin, plangintzetan ari direnekin… Lehen pauso bezala, Izen eta sigla asko bildu ditugu topaketa honen baitan: HPS, Kontseilua, HABE, AEK, IKA, Gabriel Aresti, Udal Euskaltegiak,EHU, Dustuko Unibertsitatea, Begoñako Andramari Irakasle eskola, Azpeitiko Udal Patronatua, Elhuyar, Osakidetza… Aurrerantzean ere elkarlan honi eusten saiatuko gara”.
TOPAKETAREN ONDORIOAK
• 16 urte ondoren berriro topaketa egitea oso positibotzat jo da. Asmoa da bi urtetik behin egitea.
• Doakotasuna. Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikorako sailburuordeak aurreratu duenez, 2020rako B2ra arteko ikas-prozesua doan izateko neurriak hartuko direla iragarri du.
• Euskaltegien azken 40 urte hauetako aldaketak: alfabetatzea praktikoki desagertu egin da, baina ikasle kopurutan antzera gabiltza: 30.000 bat ikasle zeuden orduan eta 35.000 inguru daude gaur egun. Ikasleen adinak gora egin du eta etorkinen kopurua ere gora. Irakasleen bataz besteko adinak ere gora, 47 urte. Irakasleen prestakuntza maila handitu egin da.
• Euskaltegiko zailtasunak.
⁃ Helduen Euskalduntze Alfabetatzearen egituraketa arazoak daude. Hezkuntzarekin alderatuta, arreba pobrea da.
⁃ Euskaltegi homologatuen inguruan ere kezka handia dago finantziazio sistemak ez duelako behar bezalako baldintza egokirik ahalbidetzen irakasleen baldintzak egokiak izan daitezen.
⁃ Euskaltegiena herritarren aurrean itxura ahula ematen duen sektorea da. Prestigio eta baliabide falta dago.
⁃ Datozen urteetan irakasle asko jubilatuko dira, baina erreleboa ez dago ziurtatuta, finantziazio egonkorragoaren falta dela eta.
• Euskaltegiak ez dira akademia hutsak, erabileran, jarreretan eta ohituretan ere eragin behar dute. Motibazioan eragin behar dute ere, euskararen balio sinbolikoa azpimarratuz.
⁃ Hizkuntza eskakizunak gainditzea da ikasleek duten helburu nagusia, baina baita diru-laguntzak jasotzeko modua ere. Horrek erabat baldintzatzen ditu irakasteko moduak eta, ondorioz, klaseko giroa eta dinamika.
⁃ Ebaluazioa beharrezkoa da, baina bitarteko bat izatetik helburu izatera pasatu da.
⁃ Irakasleek formazio beharra dute, baina ez dute ez denborarik eta ez dago baliabiderik horretarako.
• Euskaltegiek ez dituzte euskaldunak bermatzen. Hiztun aktibo bihurtzeko ikasketa prozesuan dauden gako mesedegile eta oztopatzaileak kontuan hartu behar dira.
• Euskaltegiak eta lan-munduko euskara plangintzen alorrak urruti egon dira orain arte, batu egin beharko lirateke.
• Ahozkotasuna lantzea beharrezkoa da, eta horretarako sortu edo erabili behar diren material egokiak izan behar dute (audio eta bideoak).
• Teknologia berriek laguntza handia ematen dute hizkuntzen irakaskuntzan. Aukera handia dira.