Azken bost urteetan 800.000€ bideratu dituzte zonaldean ahobizi eta belarriprestak sortzeko ahaleginera eta, aurrerantzean ere, lan horretan jarraitu nahi dute. Horretarako, baina, asteburu honetan egindako saskiei jabea topatu behar zaie eta, kanpainaren azken txanpan sartzera doazela, auzolanetik auzolanerako deia egin dute: «eskatu ezazu saskia, bai, baina komentzitu ezazu Errigoraren saskirik inoiz eskatu ez duen ezagun, lagun edo senide bat berak ere eska dezan».
Urriaren 25ean abiatu zuten Errigoraren 5. Urteurreneko Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzkakanpaina eta azaroaren 14an bukatuko da. 200 herri baino gehiagotan, ehunka boluntario ari dira asteotan informazioa zabaldu eta eskaerak jasotzen, auzolanean. Izan ere, auzolana da kanpaina honen oinarri nagusietakoa: horri esker da posible 50 euroren truke saskia jaso eta %25 Nafarroa hegoaldeko euskalgintza laguntzera bideratzea.
Auzolana izan da, hain zuzen, asteburu honetan Ablitasen protagonista. Azaroaren 9an eman zioten hasiera, haurren egunarekin. Viana, Lodosa eta Tuterako ikastoletako haurrak bildu eta, Ablitasgo eskolako A eredukoekin batera, kartoiari kutxa-forma ematen aritu ziren. Ondoren, Errigorako partaide den Monasterio de Cascante gozotegira egin zioten bisita eta umeek txokolatezko gailetak egiteko aukera izan zuten.
Larunbatean, ostera, inguruko herritarrak eta Euskal Herriko bazter guztietatik etorriak bildu ziren auzolanean, milaka saski osatzeko. Lan pixka bat eginez hasi zuten eguna, baina hau bukatuta, aisialdirako eta parrandako tarterik ere eduki zuten. Egun berezia da hemen biltzen direnontzat.
Euskaraldiak ere izan du bere tokia. Azaroaren 23tik aurrera ahobizi edo belarriprest izango direla dioten pegatinak soinean zituzten, 11 egunez egingo duten ariketarako berotzeko. Hain zuzen ere, langintza horretan aritu dira Nafarroa hegoaldean euskalgintzako eragileak urteotan kanpaina honen bidez jasotako 800.000€ horien bidez: gaurko eta etorkizuneko belarriprest eta ahobiziak sortzen. AEKren euskaltegietan helduak euskaldunduz eta ikastoletan zein sare publikoan D ereduko taldeetan haurrei euskara emanez, Nafarroa hegoaldeko belarriprest eta ahobiziak sortzen ari dira.
Gaurkoan auzolanean osatu ditugun milaka saskiek emango duten diru-ekarpenarekin ere horrexetan jarraitzeko asmoa dute, baina, saskiok eskatu ezean ez du zentzurik ariketa honek guztiak. Beraz, auzolanetik auzolanerako deia egin diote saskia eskatu ohi duenari: «kanpainaren azken egunetan sartu gara eta asteazkena izango da eskaerak egiteko azken eguna. Beraz, eskatu ezazu saskia, bai, baina beste erronka bat ere jarri nahi dizugu: komentzitu ezazu Errigoraren saskirik inoiz eskatu ez duen ezagun, lagun edo senide bat berak ere eska dezan. Eskatu zurea eta komentzitu bestea».