Arazoa aspalditik dator, baina 80ko hamarkadan izan genituen birmoldaketa industrialarekin eta ondoko burbuila espekulatzailearekin, izugarrizko jauzia eman zen norabide horretan. Eta eliteen jarrera oso adierazkorra izan zen; langile mugimenduak hartu zuen jipoiaz eta herri mugimenduen beherakadaz baliaturik oso ausart jokatu zuten. Bilbo eta Ezkerraldean izan genuen bataila guztien ama. Euskalduna ontziolaren lekuan kongresu jauregi bat eraiki zuten, eta alboan Guggenheim.
Eta, gure bizkar barre eginez, usu entzun behar izan genuen halako iritziak: “Ikusten, industria zaharra birmoldatzeren aurkako zuen erresistentzia zein arrazoi gabekoa zen? Gogorra zen baina beharrezkoa. Ez dago sakrifiziorik gabeko saririk, ezta azala kraskatu gabeko arrautza opilik! Balio duenak aurrera egiten du, eta balio ez duenak pikutara joan behar du. Lo hartzen duen hiriak, jai du!”
Onartu beharra dago zaila dela galtzaileak irabazleari taxuz erantzutea. Beraiek abantailarekin jokatzen dute beti, guk ez baitugu gure asmoak ahalbidetzeko inolako aukerarik izan. Baina garaileen diskurtso hori ustela eta zuria da. Zuria da, lan indarra besterik ez duen langileriak, besterik ezean, bizi ahal izateko hain beharrezkoak dituen lanpostuak defendatzeko arrazoi guztia duelako; langileek ez baitute erabakitzen, ezta aukeratzen ere, zer nolako industria mota eraiki behar den; ezta ere zer eta zenbat ekoiztu behar den. Baina krisia eragin zutenek, langileen bizkarretik konpondu nahi izan zuten. Langileei esker aberastu zirenek, krisiaren kalte ordainak langileek ordain zitzaten nahi zuten. Horregatik langileen aldarria, “krisia ordain dezatela kapitalistek!”zentzuzkoa eta arrazoizkoa zen.
Ordea, beraiek irabazi zuten, langileria eta herritarrak galduz. Hor dago gakoa. Historia irabazleek idazten dute. Zenbat lankide, zenbat herrikide, zenbat lagun lantegietatik kanporatu eta beren sorterrietara itzultzera behartu zuten! Horretaz inor ez da gogoratzen. Eta drama izugarri hori, zoritxarrez, ez da gurera mugatu; mundu guztian gertatu da, eta horren ondorioa da neoliberalismoa deritzon doktrina ekonomikoaren nagusitasuna, zeinaren eraginez langileok, herri menderatuak eta ingurumena izugarrizko jipoia jasaten ari garen.
Hala eta guztiz, argi gera bedi! Guk ez genituen maite natura eta osasuna hondatzen zizkiguten lantegi ziztrinak, gure izerdiaren zurgatzaileak. Bazter guztiak kutsatu eta zikindu egiten zituzten industriagune zaharkitu horiek. Toki horietan ez zegoen ez edertasunik ezta giza garapenerako tokirik ere. Baina, borroka hartan, eguneroko ogiaz gain, beste zerbait bazegoen jokoan: bestelako gizartea, bestelako modernitatea, bestelako hiria; non hirigintzak eta herritarren jabekuntzak bat egin zezaketen. Beste Bilbo bat, hitz batez. Agian distira gutxiagokoa, luxu apalagokoa; baina jatorragoa, herritarragoa, geure neurrira eraiki zitekeena, eta ez aberatsen harropuzkeriaren erara.
Bai. Bilbo beste era batera alda zitekeen (jakina, gauza bera Donostian, Gasteizen edo Iruñean). Auzoen nortasuna zainduz, bertakoen neurrira egokituz. Botxoak zuen jatortasun herritarra babestuz. Hiri askoz solidarioagoa eta herritarren ongizatean oinarritutakoa, eta ez kanpoko aberatsen neurriko hiri bat eginez. Bilbo zaharberrituak, hain txukun eta postmodernoak, galdu egin du garai bateko botxero izaera.
Aitortzen dut. Guggenheim oskol ikusgarria da; ordea, muina ala mamia? Txundigarria eta ederra kanpotik; baina kulturaren ikuspegitik noren mesederako? Gogoratzen al zarete Oteizak proposaturiko Alondegiko kuboa? Oso bestelako egitasmoa genuen. Arte esperimentala, sortzailea, unibertsala eta geurea uztartzeko proiektua, bertako zein kanpoko artista gazteei aukera bat eman ziezaiokeena. “Artelanak baino gehiago, estetikoki hazitako hiritarrak behar ditugu”, zioen Oteitzak. Jakina, gure jauntxoei, eta batez ere kultura sailburu megalomano bati, interesatzen ez zitzaiena.
Adiskideok! Jaungoikoa eta lege zaharraikur duen alderdi horrek, gaur egun gutxi du lege zaharretik eta asko neoliberalismo doktrinatik. Kapitalismoak eta gizarte burgesak sorturiko hastapeneko meategiek eta industriak erakarri zituen etorkinen beldur, foru eta ohitura zaharrak aldarrikatuz sortu zen jelkidetasuna. Alegia, gizarte berriaren beldur sortu zen EAJ. Langile etorkinek eta bertakoek sortu zuten sozialismoa, atzera begiratzen ez zuena baina oraina kapitalista borrokatuko zuena. Nola aldatu diren gauzak. Aspaldiko garaietan marxismoak ez zuela ez bihotzik ez begirunerik bertako ohiturekin zioen alderdiak; gaur egun, aldiz, bera da, bere manupeko Euskal Herriko eremuko egitasmo edo eraikin, “eztakit zer edo bakit zer izen jarri” baina beti Center edoCountry hitzarekin taxutzen internazionalizazioaren aitzakian, eta kanpo inbertsio jainkotiarrak gurtuz.
Sozialismoa aldarri eta kapitalismoaren etsai jaio zen beste alderdi hark (PSOE), erdiko bi hizki aspaldi galdu zituen, sozialiberalismoaren mesedetan. Horregatik biak moldatzen dira hain ondo kudeaketa kontuetan. Horregatik bultzatzen dute AHT, hirien gentrifikazioa, aireportuetako trafikoa edota itsas kruzero erraldoien joan etorri eroa.
Ezkerreko burujabe zaleok nazioa, hiriak, gizartea bestelako eran eraiki nahi badugu, gaur egun jaun eta jabe den ereduaren aurka ekin beharko dugu. Bestela, ene uste apalean, jai dugu.