Katia eta Marielle Labèque ahizpak Arriaga Antzokian

uriola.eus 2018ko aza. 13a, 12:10

Ostegun honetan, azaroaren 15ean, izango da. Katia eta Marielle Labèque ahizpek, lehen mailako euskal artista taldeak lagunduta, euren Amoria lana aurkeztuko dute ikus-entzuleen aurrean, joan den abuztuaren 24an, nazioarteko Deutsche Grammophon zigilu ospetsuak argitaratutako benetako harribitxia.

Lan horrek omenaldia eskaintzen die Baionan jaiotako Labèque ahizpen euskal sustraiei. Ahizpa biek azken 500 urteetako euskal egileen abestien bilduma batu dute, Errenazimendutik gaur egunera arteko abestiak, eta luxuzko laguntzaileekin batera interpretatu dituzte. Laguntzaile horiek ere partaidetza azpimarragarria izango dute ostegunean Arriagan eskainiko den kontzertuan. Horrela, ahots paregabeek eta lehen mailako musika-tresna jotzaileek lagunduta, Labèque ahizpen pianoforte eta piano soinu bikainak hegaz egingo du. Horien artean gure herrialdeko musikari azpimarragarrienetako batzuk egongo dira.   

Proiektuan duen pisua dela eta, azpimarratzekoa da Carlos Mena kontratenorearen lana. Bere ahotsaren kalitateaz aparte, duen fama izugarria antzinako musikaren aztertzaile izateak ere ekarri dio. Interesgarria izango da, baita ere, da gamba biola joko duen Elena Martínez de Murguíaren ekarpena. Aipamen berezia merezi du Hegiak taldeak. 2017an, Basque Ravel Bolero proiektuan ere Labèque ahizpekin aritu zen eta orain Amoriarekin gauza bera egin duen taldea Euskal Herriko “all star band” moduko zerbait da. Izan ere, Eñaut Elorrieta eta Thierry Biscary abeslariek, Harkaitz Martínez de San Vicente eta Mikel Ugarte txalapartari eta Oreka TX taldeko kideek, eta Ander Zulaika perkusio jotzaile handiak osatutako boskotea da.Halaber, kontzertuan, antzinako musikan espezializatuta dagoen Easo eskolaniako abesbatzak ere hartuko du parte, eta baita Araoz Gazte Abesbatza ume eta gazte taldeak ere, biak ere Gorka Mirandak zuzendutakoak.  

Katia eta Marielle Labèque piano jotzaile bikainek, XV. eta XVI. mendeetatik gaur egunera arteko euskal musika errepertorioan sakondu dute, euskal egileen melodia ederrenak bilatzeko eta, batzuetan ezezaguna, sarritan baztertua, izan den eta aberastasunez eta adierazkortasunez beteta dagoen musikari interpretazio prisma birtuosoa ematen diote. Kontzertuaren errepertorioak musika horietako batzuk ezagutzeko edo berrezagutzeko aukera emango die entzuleei, oso egile garrantzitsuen eta interesgarrien lanak, Antxieta, Aita Donostia, Sarasate, Guridi, Ravel edo Gabriel Olaizolarenak, adibidez,eta baita beste lan anonimo batzuk, parte hartzen duten musikari batzuek idatzitako abestiak eta bestelako ezustekoak ere.

 

Labèque ahizpak

Labèque ahizpek kontraste musikal zorrotza dute, eta ondo uztartutako bikotea osatzen dute. Munduko orkestra ospetsuenekin jo dute, besteak beste: Berlingo Filarmonikoa, Bavariako Irratiko Orkestra Sinfonikoa, Boston, Chicago eta Londresko sinfonikoak, Clevelandeko Orkestra, Leipzigeko Gewandhausorchester, Londres, Los Angeles eta La Scalako filarmonikoak, Filadelfiako Orkestra, Dresdengo Staatskapelle, Royal Concertgebouw Orchestra eta Vienako Filarmonikoa. Maila handiko zuzendariekin jardun dute, hala nola Bychkov, Sir Colin Davis, Dudamel, Dutoit, Gardiner, Hart Bedoya, Kristjan eta Paavo Järvi, Mehta, Ozawa, Pappano, Prêtre, Rattle, Salonen eta Tilson Thomas.

 

Musika barrokoko taldeekin jardun dute lankidetzan: The English Baroque Soloists, Sir John Eliot Gardinerekin; il Giardino Armonico, Giovanni Antoninirekin; Ensemble Musica Antiqua Köln, Reinhard Goebelekin; Venice Baroque, Andrea Marconekin; eta bira bat Orchestra of the Age of Enlightenment eta Sir Simon Rattlerekin. Musikagile askorekin lan egiteko pribilejioa izan dute, hala nola Adès, Andriessen, Berio, Boulez, Glass, Golijov, Ligeti eta Messiaenekin. 2015eko maiatzaren 26an Philip Glassen Kontzertua bi piano eta orkestrarentzat (beraientzat osatua) munduko estreinaldia interpretatu zuten, Los Angeleseko Filarmonikoarekin eta Dudamelekin. 2018an eta 2019an beraientzat osatutako B. Dessner eta N.Muhlyren beste kontzertu batzuk estreinatuko dituzte.