Paperezko bitxi argitaragabeak erakusgai izango dira, Ondare Aretoan, lehen aldiz

uriola.eus 2018ko aza. 14a, 10:16

El Quijote-ren lehen edizioa, munduko lehen atlasa, obra inprimatu batean ageriko euskarazko lehen hitzak eta Euskal Herrian inprimatutako lehen obra (1500eko inkunable bat) dira, besteak beste.

«Itzaleko ondarea. Ondarea paperean» erakusketan Bizkaiko Foru Aldundiaren Ondare Aretoan (María Díaz de Haro, 11, Bilbo) azaroaren 12tik otsailaren 16ra bitartean ikusgai izango diren obretako batzuk. Europako kultura-ondarea babestu, kontserbatu, ikertu eta zabaldu edo sozializatzea du xede eta doako sarrera izango du.

Xede horiek "Itzaleko ondarea: miradas al patrimonio oculto" deritzon proiektuaren peko ekimen ugariren bidez gauzatu dira, hain ezaguna ez den Bizkaiko kultura-ondarea berraurkitzeko eta ikusarazteko. Ondare horren barruan, Foru Liburutegiko eta Foru Agiritegi Historikoko funtsak daude.

Hain ezaguna ez den Bizkaiko kultura-ondarea berraurkitzea eta ikusaraztea

Erakusketa azaroaren 12tik otsailaren 16ra bitartean bisitatu ahal izango da, Ondare Aretoan, eta, haren bidez, ezkutaturik egon den Bizkaiaren paperezko ondare baliotsuaren zati txiki bat kaleratuko da, bai eta etorkizuneko belaunaldietan zaintzearen garrantzia erakutsi ere egingo da. Erakusketako piezak aukeratzeko, kontuan hartu dira piezok duten informazio historikoa eta ia ezezagunak zaizkigun paperezko ondarearen alderdi batzuk, hala nola: paper- edo tinta-motak, tipografiak, azaleztatzea, kaligrafia, eta liburu, aldizkari eta dokumentuetako lerro artean erdi ezkutaturik ageri diren ilustrazioak.

Denboran zeharreko bidaia bat, Bizkaiaren memoria idatzia erakusten duena 

Erakusketa honen bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak denboran zeharreko bidaia bat eskaini nahi du, gure lurraldeko lehen hitz idatzietatik hasi egungo liburu eta dokumentu digitalizatuen fideltasunera. Hala, Foru Erakundeak laguntzen du guztion ondarearen eta Bizkaiaren memoria idatziaren kontserbazioa eta zabalkundea bermatzen.

Erakusketaren komisarioa Bizkaiko Foru Liburutegia da.

Erakusketaren bitxiak

Ondare Aretoan ikusi ahal izango diren piezen artean, hauek nabarmendu behar dira:

- Foru Liburutegian gorderik dauden pergaminozko agiriak, XIII. mendearen hasierakoak.

- Foru Liburutegian gorderik dauden hainbat garaitako kaligrafiak dituzten dokumentuak.

- Euskal Herrian inprimatutako lehen obra (inkunablea), Arnao Guillén de Brocarrek 1500. urtean inprimatua.

- Obra inprimatu batean agertutako euskarazko lehen hitzak, 1533koak.

- Bizkaiaren Foruaren lehen edizio inprimatua, 1528koa.

- Eskuizkribu ilustratu batzuk, adibidez, Alfontso XI.aren «Privilegio rodado» deritzon obra, 1315ekoa.

- Pedro de Texeira portugaldar kosmografoak 1636an egindako mapa, Gipuzkoako kostaldea eta Donostiako, Hondarribiko, Pasaiako eta Getariako postuak ilustratzen dituena.

- Munduko lehen atlasa, Cristóbal Plantinok1588an kalkografia-teknika erabiliz egindakoa.

- Bilboko lehen egunkaria, 1813-1814koa.

- El Quijoteren lehen zatiaren edizio printzea, Juan de Cuestak 1605ean inprimatua.

- Andrés de Pozaren lehen argitalpena, Mathias Marés Bilboko lehen inprimatzaileak 1587an inprimatua.

- Nicolás Jensonen latinezko Biblia, 1479koa (inkunablea), mudejar estiloko azalak dituena.

- Athanasius Kircherrek ilustratutako liburua, 1678koa, lurrazpiko mundua erakusten duena.