'Dweek' ekimenaren laugarren edizioa hasi da

uriola.eus 2018ko aza. 16a, 09:49

Diseinu eta sormen industriei eskainitako aste honetan profesionalei zein, oro har, herritarrei zuzendutako jarduerak egingo dira, eta sektoreko kasu arrakastatsuak eta etorkizuneko joerak ezagutzera eman eta partekatzea sustatuko da.

Berrikuntza gisa, edizio honetan Dweek ekimena hiperdiseinuaren inguruan garatuko da; erronka nagusia gaur egungo diseinuaren mugak hedatzea izango da, baita beste diziplina batzuekin uztartzerakoan (artea eta teknologia, esaterako) esparru honek eskaintzen dituen aukera berriak aztertzea ere.

Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bi helburu nagusi betetzeko antolatu dute ekitaldia: alde batetik, diseinua ekonomia jarduera nahiz enplegu kualifikatua sortzeko gaitasuna daukan sektore gisa sustatzea; eta bestetik, lurraldeko sormen industriek daukaten balioa agerraraztea. Guztira, 5.820 enpresa inguru dira eta 19.000 profesionali ematen diete lana Bilbon nahiz Bizkaian. Sektore honetako enpresen hazkundea azken urtean %1,2koa izan da, eta esparru honetan enpleguak %2,6 hazi dira. Bilbo eta Bizkaiko sormen sektoreak Euskadiko eremu horretako enpresa guztien % 51 hartzen du, eta enpleguaren % 54.

Dweek erakunde arteko proiektu bat da, eta errotuta dago hirian zein lurraldean; bidenabar, diseinu eta sormen industrietako 200 enpresa eta profesional baino gehiagok hartzen dute parte.