Bilboko dantza talde enblematikoenetako batek,Beti Jai Alaitaldeak, bere mende erdiko ibilbidea ospatuko du igande honetan, azaroaren 18an (19:00etan), Arriaga Antzokian eskainiko duen oso emanaldi bereziarekin.
Duela 50 urte Basurtuko auzoaren sentimendu euskaldunetik sortu zen taldea, gure kulturaren eta tradizioaren benetako erreferente da gaur egun. Eta hori, 1968ko apirilaren 21ean La Casillako Pabiloian lehenengo emanaldia eskaini zuenetik jende aurrean izan dituen emanaldi guztiei esker izan da. Dantzaren eta musikaren bitartez, Beti Jai Alaik euskal kulturarekiko maitasuna transmititu du mota guztietako agertokietan, ekitaldietan, jaietan, erromerietan… Bere bost hamarkadatan taldearen parte izan diren ehunka pertsonei esker izan da hori posible.
Omenaldia
Beti Jai Alai Arriaga Antzokira itzuliko da, bere urteurrena ospatzeko, taldeko kide izan diren guztiei eta, batez ere, taldearen alma materrari, duela denbora gutxi hil den Jon Pertikari, omenaldia eskainiz. Pasioz betetako eta dantza taldean buru belarri inplikatutako gizonak euskal kulturaren alde egindako lana aintzatestea behar beharrezkoa da. Beti Jai Alaik bere dantza esanguratsuenen erakusketa eskainiko du, ikus-entzunezko medioekin indartutako ikuskizunean. Andoni Arestiren koreografiak izango dira eta, gainera, Kepa Junkerak ere parte hartuko du emanaldian.
Gaur egun, taldea 150 pertsona inguruk osatzen dute, dantzarien, musikarien, umeen eta kide ohien abesbatzaren artean, eta Euskal Herri osoko dantzak eta melodiak biltzen dituen errepertorio zabala du.