Iñigo Cabacasen familia eta lagunek epaiketaren balantzea egin dute

uriola.eus 2018ko aza. 16a, 12:52

Epaiketan Ertzaintzen arteko kontraesanek defentsen estrategia bertan behera utzi dutela adierazi dute. "Loca academia de Policía antzeko bat dela saldu nahi izan digute beraien erantzunkizuna saihesteko, epaiketara karta markatuekin jokatzera etorri dira".

Iñigo Cabacasen familia eta lagunek agerraldia egin dute gaur goizean Bilboko Kafe Antzokian. Bertan, hiru aste honetan epaiketan gertatutakoaren balantzea egin dute. Hasteko, salatuen jarrera kritikatu dute "Epaiketako lehen egunera etorri ziren bakarrik, testifikatu zuten egunea, eta mozorrotuta etorri ziren, peluka eta guzti. Batek, egun horretan, ertzaintzaren irratian ez zela ezer pasatzen esan zuen bitartean, beste batek "guda" bat zegoela esan zuen, nola izan daiteke furgoneta berdinean zeuden bi profesiolek horrelako ikuspuntu desberdina edukitzea? karta markatuekin jokatzera etorri dira".

Balorazioa zazpi puntu desberdinetan banatu dute: 

1.- Argi geratu da plazan ez zegoela inolako liskarrik, Ertzainek eta testiguek epaiketan argitu duten bezala plaza ez zen ezer gertatzen. Ertzaintzen nagusiek aurreiritziekin erabaki zuten hor eraso behar zala, inolako arrazoi zehatzik eduki gabe.

2.- Ez zieten ezer jaurti. Plazan ikusi daiteke hor dauden jardinerak ezin direla mugitu. Gezurra da aurpegia estalita zeukaten pertsonek ertzainak eraso izanak. Ertzaintza heldu eta eraso arte hor ez zan ezer gertatzen.

3.- Pilotak zuzen jaurti zituzten. Testiguak adierazi duten bezala hori tiroketa bat izan zen, ematera apuntatu zuten, ez parabolekin. Ezin dute ulertu polizia batek metro gutxira tiro egiten duenean hori pertsona bat hiltzeko gai dela

4.- Iñigo lurrean botata zegoenean han zeuden Ertzainen jarrera tamalgarria eta oso lotsagarria izan da. Testiguek azaldu zuten bezala, beraiek Iñigo laguntzera hurbildu zirenean jaso zituzten erantzunak eta hitzak ez dira bidezkoak, funtzionario batek ezin ditu inoiz horrelakorik esan.

5.- Bunkerrean gertatutakoa ez da ulergarria. Ertzaintzak nahiago du talde kutre bat bezala geratu egia esan baino lehen. "Loca academia de Policía" baten antza eman nahi dute, eta hori gezurra da. Horrez gain, epaiketan esan behar zutena aldez aurretik administrazioaren abokatuekin prestatu dutela onartu dute eta hori ezin daiteke onartu, guk gure abokatuak ordaintzen ditugu.

 6.- Ertzaintzak beti grabatzen ditu bere irteerak eta egiten duten guztia, baina, kasualitatez, hemen ez daukate inolako bideorik, eta kalean daudenak ere ez dituzte hartu. Eskerrak audioak ditugula, baina bideoak ere egon behar dira, eta ezkutatu dituzte.

7.- Ugartekoren jarrera lotsagarria da. Gertatutakoa estaltzen saiatu dira lehen unetik eta probak ezkutatzen ibili dira. Horrez gain, egun horretan gertatu zena okultatzen ibili direla salatu dute. Kontraesanak egunero ikusi ditugu beraien hitzetan, hori ez da bidezkoa. Inpunitate osoa dutela uste dute. Beste polizia eredu bat beharrezkoa da.

Puntu guzti horiek kontuan hartuta, errudun gabeko sententzia bat ulertezina izango litzatekela adierazi dute. "Justizia eskatzen ari gara lehen unetik, inolako laguntzarik izan gabe eta instituzien aurka. Karta markatuekin etorri dira epaiketara. Baina, hala ere, agerian geratu dira guztien kontraesanak eta norena da errua.