“Los que desean” film labur dokumentalak irabazi du Zinebiko Sari Nagusia

uriola.eus 2018ko aza. 19a, 08:51

Beste film labur dokumental bik eraman dituzte jaialdiko beste sari nagusiak: María Elorzaren “Ancora Lucciole” lanak Euskal Zinearen Sari Nagusia jaso du, eta Delfina Spratten eta Àlex Puig Rosen “Entre raíles” filmak Zine Espainiarraren Sari Nagusia.

Elena López Riera zinegilearen “Los que desean” (2018, 24’, Suitza/Espainia) film labur dokumentalak irabazi du 7.000 euroko Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren-ZINEBIren 60. edizioko Sari Nagusia.

Beste film labur dokumental bik eraman dituzte jaialdiko beste sari nagusiak – bakoitza 6.000 eurokoa–: María Elorzaren “Ancora Lucciole” (2018, 14’, Euskadi) lanak Euskal Zinearen Sari Nagusia jaso du, eta Delfina Spratten eta Àlex Puig Rosen “Entre raíles” (2018, 30’, Espainia) filmak Zine Espainiarraren Saria. Guztira 52 film labur, animaziozkoak (11), fikziozkoak (22) eta dokumentalak (19), lehiatu dira ZINEBIren edizio honetako Nazioarteko Lehiaketako Sekzio Ofizialean.

Film Laburren Nazioarteko Lehiaketako sarituen zerrenda gaur goizean aurkeztu du ZINEBI 60ko epaimahaiak. Aurtengo epaimahaiko kideak hauek izan dira: Concha Barquero zinegilea, Ghasideh Golmanaki zinegile iraniarra, Zsuzsanna Kiràlyekoizle errumaniarra, Jodie Mack animazio esperimental egile britainiarra eta Crematorio edo La zona serietan lan egin duen Carolina Martínez Urbina muntatzailea.

Generoen araberako Mikeldi Sariei dagokienez, nazioarteko epaimahaiak Esther Niemeierren “Tracing Addai” (2018, 30’, Alemania) lanari eman dio animaziozko film labur onenaren Mikeldia. Fikziozko zinearen atalean, film labur onenaren Mikeldia Reema Senguptaren “Counterfeit Kunkoo” (2018, 15’, India) lanak eraman du, eta film labur dokumental onenaren MikeldiaMahdi Fleifelen “I Signed the Petition” (2018, 10’, Britainia Handia/Alemania/Suitza) lanak jaso du. Hiru sari horietako bakoitzak 5.000 euro jasoko ditu.

Dokumental eta animazio generoko film luzeei zabalik dagoen eta 12.000 euroko saria banatuko duen ZINEBI FIRST FILM (ZIFF) Sariari dagokionez, hirugarren edizio honetan Rugilė Barzdžiukaitė zinegilearen “Acid Forest (RŪGŠTUS MIŠKAS)” (2018, 63’, Lithuania) lanak jaso du. Epaimahaiak egin duen balorazioa kontuan izanda, distopia apokaliptikoa eta komedia uztartzea lortzen duen moduarengatik, dokumentala baztertu barik. Ezarritako ikuspuntua apurtzeagatik eta behatoki baten inguruan antolatutako espazio batean nork nor espiatzen duen zalantzan jartzeagatik eta bere gailu adimentsuan hegaztien begirada sartzeagatik.