Aurten ere, Bilboko Udalak puntu morea jarri du balkoi korrituan, eta, ilunabarrean, eraikin nagusia argiztatu egiten da more kolorez. Horrez gain, Uriko beste eraikuntza ospetsu batzuen fatxadetan ere ezarri da aldarrikapen-seinale hori, hala nola Arriaga Antzokian, Barrutietako Udaltegietan edo Turismo bulegoan.
Bilboko Uriaren indarkeria matxistaren kontrako jarrera hori agertzearren, Udalak irakurketa ireki eta parte hartzezkoaren edizio berri bat antolatu du Emakumeenganako Indarkeriaren kontrako nazioarteko egunaren kariaz; datorren ostiralean izango da, azaroak 23, Arriaga Antzokian, 11:00etatik 13:00etara. Alkatea izango da buru irakurketa horretan, eta zinegotziek eta Bilboko jendartearen, entitateen eta elkarteen beste ordezkari batzuek ere hartuko dute hitza. Gainera, aurten, Udalak dei berezia egiten die bilbotarrei, aldarrikapen ekitaldi honetan parte har dezaten. Izena emateko, mezu elektroniko bat bidali beharko dute hona, izen-deiturak eta telefonoa adieraziz: bilbaoberdintasuna@gmail.com.
Herritarrek genero-indarkeriaren kontra egin ohi duten beste keinu bat da txapa moreak jartzea jaketan edo berokietan. Ikur horiek doan har daitezke Barrutietako Udaltegietan, ikastetxeetan, osasun-etxeetan, elkarteetan, liburutegietan, kiroldegietan, udal eraikuntzetan eta unibertsitateetan.
Azkenik, aste honetan zehar, prebentzio, arreta eta sentikortze ildo estrategiko batzuen eta besteen berri zabalduko da sare sozialen bidez, herritarrek gogora ditzaten udal programa nagusiak.
ERAKUNDE EKITALDIA
- EGUNA: Azaroaren 23a.
- ORDUA: 11:00etatik 13:00etara
- LEKUA: ARRIAGA ANTZOKIA
Parte hartzeko, bidali mezu elektronikoa hona izen-deiturak, telefona edo helbide elektronikoa adieraziz: bilbaoberdintasuna@gmail.com. Ezinbestekoa da azaroaren 21a baino lehen ematea izena.