Xahori buruzko "AztiHitza" liburu BioGrafikoa aurkeztu du Asisko Urmenetak

uriola.eus 2018ko aza. 21a, 09:47

Asisko Urmeneta marrrazkilariak AztiHitza liburua aurkeztu du gaur Bilboko Kafe Antzokian.

Agosti Xaho zuberotar pentsalari eta ekintzailearen bizitzari buruzko liburu BioGrafikoa marraztu du Urmenetak, Erroa argitaletxeak argitaratu du eta mugaz bi aldeotako euskaldunon elkarlanaren emaitza da, izan ere, Herrima kultura elkartearekin eta Atharratzeko Prefosta elkartearekin elkarlanean argitaratu da AztiHitza. 

Erroa argitaletxeko ordezkari Xabier Monasteriok bi berbatan laburtu du liburua aurkezpenaren hasieran: elkarlana eta ikerlana. “Elkarlana da, lagun eta elkarte askoren artekoa delako, eta ikerlana da ez delako komiki liburu solte bat. Ez, hona orduko testu eta artxibo asko irakurri behar izan ditu Asiskok. Horri esker gauza berri asko ikasiko ditugu Xahori buruz eta haren inguruko irudia aldaraziko digu", azaldu du Monasteriok.

Asiskok azaletik hasita aurkeztu du liburua. “Azala bera da Xahok 1834an argitaratu zuen Azti-Begia liburuaren remake bat. Xaho bera hor bera hor kokatu dut eta izarra, ipar orratza dena”. Izenburua bera Azti-Begia-tik laburtu eta palindromoa sortu du Urmenetak, Xaho “sortzaile eta, jostariari” keinu eginez.


Xaho, zinezko erromantikoa Bidaia Nafarroara euskaldunen oldartzearen denboran (1830-1835), aurten argitaratu du Maiatz argitaletxeak, eta Asiskoren iritziz “bertan asko ikasten da Xahorengandik”, baina jakintzan sakontzeko, liburu eta dokumentu ugari irakurri ditu marrazkilariak, eta zenbait datu bitxi aurkitu ere bai. Asiskok azaldu duenez, “orain arte genuen irudi ikonikoa, Xaho ile luzearekin, kapela eskuan, Abadiaren beraren erretratua da eta ez Xahorena. Berriz, aurkitu dugu Xahoren egiazko erretratua, Gavarnie ezizeneko batek egina. Izan ere Le Peletier ostatuan ibili zen, Baudelaire, Berlioz eta Dumas ibiltzen ziren garaian. Erromantikoen aroan izan zen errromantikoa, beraz, Parisen, epizentroan bizi izan zuen erromantizismoa eta gero bere ikuspegia eman zuen Euskal Herrian.

Aurkezpena amaitzeko Monasteriok gogoratu du liburua Atharratzen ere aurkeztuko dela, azaroaren 24an (larunbatean), Xahoenean, 19:00etan, eta Durangoko Azokan salgai egongo dela, 20 euroan, Erroa argitaletxearen eta Herrima elkartearen erakusmahaietan.