"Mr. Gay Syria” homosexualak diren bi siriar errefuxiaturen bizipenak islatzen dituen dokumentala

uriola.eus 2018ko aza. 21a, 10:06

Bilboko Golem zinemetan eskainiko dute gaur doan. Filmaren proiekzioaren ostean, solasaldia izango da Zinegoak-eko zuzendaria eta homosexuala izateagatik bere herrialdetik ihesean, Bilbon babestutako kolonbiar errefuxiatu baten parte-hartzearekin.

Zinexit, Bizikidetzaranzko Zine Erakusketaren bederatzigarren edizioak, emanaldi berri bat eskainiko du gaur “Mr. Gay Syria” filmaren proiekzioarekin. Dokumental honek homosexualak diren bi siriar errefuxiaturen bizipenak islatzen ditu beren herrialdeak bizi duen gudaren ondorioz sortutako krisi migratzailearen testuinguruan.

Zinegoak, Bilboko LGTB Zinemaldiaren lankidetzarekin antolatutako saio honetan izango den solasaldian, Pau Gillén, zinemaldi horretako zuzendaria eta Adolfo Guerra, hain zuzen ere bere sexu orientazioarengatik bere herrialdetik ihesean etorri eta Bilbon bizi den kolonbiarrak hartuko dute parte. Proiekzioa 19:30ean izango da Bilboko Golem zinemetan, eta sarrera doakoa da aretoko edukiera bete arte.
 
2017an Ayse Toprak otomandar zuzendariak egindako film hau Turkia, Alemania Frantzia eta Maltaren arteko koprodukzioa da. Jatorriz Istanbulekoa den zuzendari honek Nueva Yorken egin zituen zinema alorreko prestakuntza ikasketak, non 15 urte eman zituen bere jaioterrira itzuli aurretik, eta bertatik ekoitzi ditu bere herrialdeari buruzko politika eta gai sozialei buruzko dokumentalak. 

Nazioarteko zinemaldi desberdinetan dokumental onenaren saria jaso duen “Mr. Gay Syria” filmak, bi gay siriarren ibilbideari jarraitzen die euren bizitza bideratzen ari diren bitartean. Husein bizargina da Istanbulen eta bizimodu bikoitza darama familia kontserbadore eta bere gay identitatearen artean. Mahmoud, Berlinen bizi den errefuxiatua, siriar LGTBI mugimenduaren sortzailea da. Amets berak lotzen ditu biak: errealitate hertsien ihesbide eta ikusezin izatearen irtenbide izango duten nazioarte mailako edertasun lehiaketa batean parte-hartzea. 
 
Zinexit-en emanaldi guztietan ohikoa denez, proiekzioaren ondoren ikus-entzule guztiei zuzendutako solasaldi bat izango da, eta oraingo honetan bi gonbidatu berezi izango ditu: alde batetik, Pau Gillén, Zinegoak Zinemaldiko zuzendaria; eta, bestetik, Adolfo Guerra, homosexuala izateagatik bere herrialdetik ihesean Bilbon babestuta dagoen eta errefuxiatu izaera tramitatzen ari den kolonbiarra.