Gabongune eta Gabonkide programetan izena-emateko epea ireki dute

uriola.eus 2018ko aza. 23a, 12:00

Gabongune programa 5 eta 8 urte bitarteko umeentzat da eta Gabonkide 9 eta 11 bitartekoentzat. Programa biak Sánchez Marcos ikastetxean, Alde Zaharrean –Belostikale 23- eta Begoñako, Iralako, Otxarkoagako, Deustuko, Zorrotzako eta Castañoseko udaltegietan egingo dira.

Gaur, azaroak 23 (barikua) hasi eta azaroaren 27ra arte (martitzena), zabalik izango du umeen aisialdirako Gabongune eta Gabonkide programetan izena emateko epea. Guztira, 372 plaza eskainiko dira.

Helburua da neskato-mutikoei hezkuntzako aisiarako espazioa eskaintzea, lagun berriak egin eta ondo pasa dezaten eta bide batez, berdintasuna, begirunea eta sormena zer diren ikas dezaten. Horrez gain, programa hauekin, Udalak lana eta familia-bizimodua errazago eta hobeto uztartzen lagundu nahi du

Udalak, guztira, 252 plaza eskainiko ditu Gabongune programan (5-8 urteko umeentzat) eta 120 Gabonkide programan (9-11 urteko gaztetxoentzat). Ekimen bietan aukera izango dute partaideek hainbat diziplina artistiko, tradizioak eta kulturak ezagutzeko. Jarduera guztiak euskaraz eta gaztelaniaz egingo dira.

Programa biak Sánchez Marcos ikastetxean, Alde Zaharrean –Belostikal 23- eta Begoñako, Iralako, Otxarkoagako, Deustuko, Zorrotzako eta Castañoseko udaltegietan egingo dira abenduaren 26an, 27an eta 28an. Nobedade moduan, aurten ordutegi zabalagoa izango da; jarduerak 09:00etan hasiko dira eta 14:00etan amaitu. Ordu bi gehiago izateak mesede egiten die neskato-mutikoei, denbora gehiago izango baitute ondo pasatzeko, eta familiei, hobeto bateratu ahal izango dute lana eta familia.

AURREINSKRIPZIOA ETA ZOZKETA

Gabongune eta Gabonkide programetarako aurreinskripzioak Udalaren web orrian, www.bilbao.eus helbidean, 010 telefono zenbakian (944 010 010) Bilbo ez beste nonondik deituz gero) eta Udaltegietako “Bilbao Click” bulego elektronikoetan. Izena emateko baldintza bakarra Bilbon erroldatuta egotea da.

Plazak zozketa publikoaren bitartez banatuko dira. Zozketa hori azaroaren 28ko 10:00etan egingo dute, Bilboko Udalaren Umeen Gaietarako Zerbitzuko bulegoan (Aznar Eraikineko 4. solairua, Venezuela plaza, 2). Emaitza kontsultatzeko aukera egongo da aurrez izena emateko erabilitako kanaletan: www.bilbao.eus webgunean; 010 telefonoan (edo 944 010 010); eta Barrutiko Udaltegietako ´Bilbao Click` bulegoetan. Izena emateko epea azaroaren 29an zabaldu eta abenduaren 4an amaituko da.

Halaber, plazarik libre geratzen bada, itxaron-zerrendan daudenei deituko zaie bete barik geratu diren lekuak eskaintzeko.

“GABONETAN ASMATZEN”

“Gabonetan asmatzen” izango da aurten jarduerak egiteko erabiliko den leloa. Besteak beste, neskato-mutikoak aukera izango dute musika, dantza eta antzerkia gertuagotik ezagutzeko, Piotr IlichTchaikovsky-ren “Intxaur-hauskailua” lanari esker; lan horretako musika entzun, dantza egin eta horko istorioa antzezten saiatuko dira. Egiptoko tradizioa –hango tarta bat egingo dute- eta Japoniako urte berria ezagutuko dituzte eta Charles Dickens-en “Gabonetako ipuina” ezagunean murgilduko dira.

Parte-hartzaile nagusienek irteerak egingo dituzte: besteak beste, Guggenheim Museoa, Euskal Museoa eta Belenen erakusketa ikustera joango dira.